Kritika: ‘Three Billboards Outside Ebbing, Missouri’

Three-Billboards-Outside-Kritika-Zinea-02Zuzendaria: Martin McDonagh

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Justizia aipatuko nuke Martin McDonaghen lan berriaren hari nagusi bezala, baina egia esateko, ez nintzateke guztiz zintzoa izango. Justizia eskatzeko eta justizia egin dadin borrokatzeko maitasuna behar delako. Bai, maitasuna, eta handia, gainera, errepide bazterrean dauden hiru iragarki erraldoik jaso dezaketena baino gehiago. Maitasuna ezagutzen dudan erregairik handiena delako, itzaltzen zaila den sutea pizteko gauza da. Eta maitasunak bakarrik piz dezake zintak erakusten dituen harremanak, horregatik diot maitasuna dela eragilea, justizia aldarrikatuko duen maitasuna, maitasunak justizia behar duelako, eta hala ez denean etortzen delako oinazea, eta amorrua.

Maitasuna agortzen denean, oinazeak arrazoia nahas dezakeelako, amorrua sortuz, gaizki itzalitako suteekin gertatzen den bezala, ke beltzez betetzen du gogoa, erruki, justizia egin dadila, maitasuna bakean lurpera dezagun.

Horrelakoa da Frances McDormanden maitasuna, geldiezina, ekaitza bezalakoa, arrazoimenetik haratagokoa, basatia, minez betea, eta justizia aldarrikatzen duen horietakoa. Berebizikoa aktoreen lana, MacDormanena eta Sam Rockwellena, baita Woody Harrelsonena ere, itzelak hirurak. Willoughby agentearen hitzetan, maitasuna behar delako munduan, eta bakea, argitasunez pentsatzeko, bitartean, hanka besterik ez dugulako sartuko. Baina diotenez, suari suarekin soilik aurre egin dakioke. Adibide gisa zinta hau, gorroto eta saminez beteriko herrian garatzen dena, itxuraz lasaia eta baketsua den herrixka honetako bizilagunek historio txikiak dituztelako, nork berea, infernu eta zeru txikiak, gaizki kudeatutako bizipenak, eta batak besteari egotziko dio errua, amaieran, bihotzez egiten diren ekintzak ordainik eskatzen ez dutela ulertuko duten arte, besterik ez, sendagaia bezala, erremedioak, suebakiak, sutan bizi direnentzat.

Ikaragarria, beraz, zuzendariak aurkeztu digun istorioa, benetan zirraragarria, ez zaituelako barkatuko, eta zaren horretan astinduko zaitu, justizia zer den zalantzan jartzeraino. Zein da muga? Eta nola erabili? Noiz da aski? Itzaliko al dira su horiek?

Western moderno baten gisako zinta dugu, guztiz itxuraldatua, guztiz eraberritua, baina funtsean, mendebaldar hautseztatuan filmatutako istorioen egitura jarraituko du, ongi etorria ekarpena, benetan eskertzekoa. Gaizkile bezala jokatuko duten heroiak topatuko ditugulako, heroi direla uste duten gizajoak ere bai; sutean aurrera egin nahiko dute guztiek, baina ezingo dute asmatu, batak bestearen kontra egin beharko balu bezala ariko baitira handik irteteko.

Gomendagarria filma, gure suteen islak erakutsiko ditzakegulako, maitasunak erraz hartzen duelako su, eta oinazeak uzten duen keak, esan bezala, arrazoia nahas dezakeelako. Ikasi dezagun, beraz, McDormandek bidea erakutsiko digu-eta, berea propioa bada ere, jarraitzea merezi duena.