Zabalik da 66. Donostia Zinemaldira filmak aurkezteko deialdia

Proiektuak jaialdiaren 66. edizioara online aurkezteko epea zabaldu du gaur, urtarrilak 15, Donostia Zinemaldiak. Sail guztietan izena emateko aukera izango da ekainaren 29ra arte, Zinema Eraikitzen, Glocal in Progress eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketetan izan ezik; sail horiek berezko deialdiak izango dituzte apirilean eta ekainean, hurrenez hurren.

66-Zinemaldia-Deialdia-Zinea

Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Savage Cinema, Zinemira eta Culinary Zinema sailetan izena emateko epea zabaldu berri du Donostia Zinemaldiak, 66. edizioa prestatzeko lanak abian baitituzte jada. Horretarako, sail bakoitzaren arautegia eta izena emateko formularioa eskuragai jarri dituzte jaialdiaren atarian.

Lanak aurkezteko epea bost hilabete eta erdiz izango da zabalik, ekainaren 29ra arte. Aldiz, Zinema Eraikitzen (apirilean) eta Glocal in Progress eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak (ekainean) ataletan izena eman nahi dutenek, zertxobait gehiago itxaron beharko dute.

Iragan astean jakin genuen, halaber, jaialdiaren irudi korporatiboa aldatzeko prozesua martxan dutela, eta aurtengoan, aipatutako sail horien irudiak ez dituztela lehiaketa bidez aukeratuko.