Pamplona Negra genero beltzari buruzko jaialdia, Iruñeko Baluarten

Baluarte Fundazioak literatura eta zinema beltzari eskainitako Pamplona Negra jaialdia antolatuko du urtarrilaren 16tik 20ra Iruñean. Genero beltzari buruzko festibalean tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta filmen proiekzioak antolatuko dituzte doan.

noir-baluarte

Pamplona Negra: Noir en serie jaialdiaren laugarren ekitaldia egingo dute aurten, eta bost egunez, idazle, irakurle, gidoigile, zinegile eta ikus-entzuleen arteko topagunea bilakatuko da beste behin Baluarte. Hasteko, El crimen a escena sailera hilketa eta krimen arloetan erreferentzia bilakatu diren Paco Etxeberria forentsea, Polizia Judizialaren Inspektore buru den Javier Molinera eta Vicente Garrido kriminologoa gerturatuko dira.

Bestalde, zinema zikloa ere antolatuko dute. Urtarrilaren 19an, 2o:30ean, Alfred Hitchcocken Psicosis (1960) filma proiektatuko dute, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Bernard Herrman konpositoreak pelikularentzat sortutako soinu-banda interpretatuko du zuzenean. Aurretik, Fritz Lang alemaniarraren M (1931), El cebo (Ladislao Vadja, 1958) eta The Silence of the Lambs (Jonathan Demme, 1991) ikusteko aukera ere izango dute ikus-entzuleek 3 euroko sarrera ordainduta.

Urtero legez, batetik, 2016an Hammet saria irabazi zuen Marcelo Lujánek, eta bestetik, Antonio Altarriba komikigile eta gidoilariak, tailer bana eskainiko dute. Lehendabizikoz, gainera, Alexis Ravelok Plan criminal. Estructura y composición novelistica masterclass berezia zuzenduko du.

Horrez gain, bina hitzaldi (Noir en serie, azkenaldiko telesail poliziako eta noir esanguratsuenei buruzkoa; eta  telebista iragarkiak aztergai izango dituen Una pausa para el crimen), eta mahai-ingurua (Asesinos de papel, gaur egungo nobela beltzeko hiltzaile interesgarrienak jorratuko dituena; eta Ell@s también leen, idazleen gustu eta exijentzia pertsonalak ezagutzeko tartea) barneratu dituzte.

Gainera, Baluarteko areto nagusian Pulps Fiction. Portadas del crimen erakusketa Euskal Herriko literatura beltzari omenaldia, Famiglia bazkaria eta beste zenbait ekimen antolatuko dituzte jaialdian zehar.

Jarduera guztiak (programan argi zehaztuta dauden salbuespenak kenduta) doakoak izango dira. Hala ere, jaialdiari buruzko informazio gehiago Baluarte Fundazioaren atarian.