Gaur goizean bidalitako prentsa-ohar laburrean, Donostia Zinemaldiak irudia modernizatzeko gogoeta abiatu duela aditzera eman dute, eta 2018an irudi berria izango duela jaialdiak. Gainera, 2011z geroztik festibalaren kartelak aukeratzeko antolatzen duten lehiaketa bertan behera geratuko da aurtengoan. Maiatz hasieran aurkeztuko dute irudi korporatibo berria.
“Jaialdiaren irudia ikus-entzunezko garai berriokin eta jaialdiarekin berarekin bat etortzea da helburua, nortasun korporatibo beritua izan dezan”, azaldu du Donostia Zinemaldiko zuzendaritzak prentsa-ohar bidez. Horretarako, gaur egun maskor batek, bi sirenak eta gizon batek osatzen duten irudia berrituko dute.
Kartel lehiaketari dagokionez, aurten ez dute deialdirik egingo. 2011z geroztik antolatzen dute jaialdiko irudi nagusia zein atal bakoitzeko kartela aukeratzeko lehiaketa, eta urtero ikusmin handia sortzen du aurkezpen prentsaurrekoak. Aurten, ordea, maiatzean aurkeztuko dituzte logotipo berria eta irudia.