Zinegoak jaialdiak 15. edizioaren kartela argitaratu du

Maitasun lesbikoa eta estereotiporik gabeko gorputzak aldarrikatzen ditu 15. Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren kartelak. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktoreak osatu du irudia, aurrez jaialdian ikusitako Aquaporko! (Kelli Jean Drinkwater eta Anna Helme, 2013) film laburrean oinarrituta.

Zinegoak-2018-Kartela-Zinea-02

Otsailaren 19tik martxoaren 4ra egingo dute Zinegoak jaialdiaren edizio berria, eta antolaketa taldea buru-belarri dabil ekitaldia prestatzen. Aurrez aipatu moduan, otsailaren 19tik 25era egingo dituzte emanaldi nagusiak Golemen, Bilborocken eta BilbaoArten, eta hurrengo astean filmak bigarrenez ikusteko aukera izango da, beste hainbat jarduerarekin batera.

Jaialdia abiatzeko hilabete inguru falta denean, baina, aurkeztu dute urtero ikusmin handia sortzen duen jaialdiaren irudia. Pau Guillen jaialdiko zuzendariak azaldu duen moduan, gorputzen estereotipoen inposaketa du aztergai kartelak, eta nor bere gorputzaz eta desira afektibo-sexualez harro egon daitekeela ikusarazi nahi izan dute.

Egilea Ane Pikaza bilbotarra da. Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan diplomaduna da, eta antzerkian, telebistan zein zineman aritu izan da. Ilustratzaile gisa, halaber, antzerki taldeentzako zein bestelako ekimenentzako kartelak osatu ditu, eta bideojoko  baten sorkuntzan ere hartu du parte.

Kasu honetan, Aquaporko! film labur dokumentalean oinarritu da irudia osatzeko; emakumezko gizenez osatutako Melbourneko igeriketa sinkronizatuko talde bat du hizpide lanak. Kartelak, halaber, Gorka Olmok 2015ean sortutako irudiarekin bat egiten du, bi gizonen arteko harremana islatzen baitzuen ilustrazio hark.

Programaren inguruko xehetasunak laster kaleratuko dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude