Kritika: ‘American Valhalla’

American-Valhalla-Kritika-Zinea-01Zuzendaria: Josh Hommes, Andreas Neumann

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Aste honetan Donostian Dock of the Bay jaialdiaren 11. edizioa egiten ari direla probestuko dut eskaintzen dizkigun musika dokumentalen artean larunbatean emango duten American Valhalla zintari buruz hitz egiteko. Bertan Iggy Pop musikariak grabatutako disko berrienaren inguruan arituko zaizkigu zuzendariak. Iggy Popen hitzetan, bere azken diskoa izan daitekeenaren aurrean gaude, eta Queens of the Stone Age eta Artic Mokeys taldeko kideekin batera sortu, grabatu eta zuzenean joko du.

Iggy Pop handia, ikonoa, mitoa dugu musikaren munduan, eta zaharberriturik agertuko zaigu lan honetan. Urteak ez dira debalde pasa musikariarentzat, zimurrez jositako azala du, bere indar eta grinaren gainean tolesturaz beteriko geruza osatzen. 70 urte ditu dagoeneko, Bowie eta Reedekin batera jo izan zuen, animalia basatiak, oholtzaren gainean pantera dirudi, sugea, basatia eta zitala, eta horrela jasoko dute Hommesek (QOTSA) eta Neumannek.

Dokumentalak sormen kolektibo horretan bizitako ibilbidea azalduko digu, baita bertan parte hartzen duten musikarien nondik norako, beldur, galdera eta gakoak. Horrez gain, zuzeneko emanaldi ugariz gozatu ahal izango dugu. Ez da nolanahiko musikariekin batu Iggy Pop, ez jauna, baina belaunaldi oso ezberdinak dira, eta musikari ezagun eta trebeak izan arren, elkar ulertzea ez da beti samurra izango.

Musika itzelaz gain, produkzioa eta argazkia ere oso landuak dira, musikarien sukaldean sartuko garela irudituko zaigu tarteka, konturatzerako saltsaren erdian gaudela antzemateko.

Atsegin handiz ikusten den zinta dugu ondorengoa, zaindua, eta batez ere, musikazale eta Iggy Pop eta QOTSAren jarraitzaileentzat egindako gutizia da. Ez badu askorik arriskatzen, eta jarraitzen duen egitura ohiko dokumental batena bada ere, momentu interesgarriak ikusaraziko dizkigu.

Hurbildu zaitezte bada, eta erabaki ezazue zuek. Iggy Popen azken lana, egin apustu jaun-adreak, zenbat bizi faltako zaizkio bizitzeko oraindik katu basatiari?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude