Zinema idatziak: eztabaida kritiko-teorikoaren oinarriak (III)

ERRESUMA BATUKO GAZTE SUMINDUAK

60ko olatu berrien babesleku bilakatu zen Sight and Sound aldizkaria Erresuma Batuan. 1932an lehen alea kaleratu zuen, eta bi urte geroago British Film Institute organismoaren aldizkari ofiziala bilakatu zen; urte luzez Gavin Lambertek zuzendu zuen. Sight and Sound aldizkariak Cahiers frantziarrarekin hartu-eman handia izan zuen bere garaian, baina badu berezitasun bat: Cambridge Unibertsitatearen eraginpean ere argitaratzen dute. 1952az geroztik, gainera, hamar urtean behin, inkesta zabal baten emaitza den historiako film onenen zerrenda kaleratzen du.sas

Besteak beste, Free Cinema mugimendu zinematografikoko autore nagusi izan ziren Tony Richardsonek, Karel Reiszek eta Lindsay Andersonek idatzi zuten bertan. Angry Young Men izeneko taldeko partaide izanik, estudioetan egindako zine akademikoa kritikatzen hasi ziren, eta aldarrikapen politiko-sozialez bete zituzten orrialdeak. David Lean, Alexader Mackendrick, Lawrence Olivier, Michael Powell, Emeric Pressburger eta beste hainbat sartu zituzten zaku berean, konpromiso sozialik gabeko filmak egiten zituztelakoan.

Londresko Soho auzoko National Film Theatreko areto zaharrean biltzen hasi ziren gerora Free Cinemako partaideak izan ziren Sight and Sound aldizkariko kritikariak, eta 1956ko otsailaren 5etik 8ra film laburren saioa egin zuten, mugimenduaren aldarrikapenaren  lehen manifestuarekin batera.

angry

1956 eta 1959 urteen artean, bost saio eta manifestu osatu zituzten. Horien artean garrantzitsuenak, 1957ko III. manifestua eta 1959ko VI. manifestua. Santiago Aguilar zinegilearen Free Cinema aldizkariko Los jóvenes airados artikuluak oso ondo aztertzen ditu zinema mugimendu berri honen nondik norakoak, eta manifestuak osotasunean irakur daitezke.

Baina Erresuma Batuan Movie aldizkariak ere eman zuen zeresana. 1962 eta 2000 urteen artean analisi kritiko zorrotz eta zehatzak kaleratu zituzten bertako idazleek. Hollywoodeko Howard Hawks, Alfred Hitchcock, Otto Preminger eta Nicholas Ray zinegileak goraipatzen zituzten kritikoek aldizkariko testuetan, eta Sight & Sound bezala, unibertsitate batekin zuen lotura: kasu honetan, Oxford Unibertsitatearekin. Honenbestez, Erresuma Batuko bi aldizkari nagusien arteko gorabeherek unibertsitate arloan ere isla nabaria izan zuten.

Movie aldizkarian Ian Cameron kritikariak Hitchcocken Marnie (1964) filmari egindako kritikak mundu osoa txunditu zuen. Izan ere, azterketa analitiko zurrun bat egin zion pelikulari lehen planotik abiatuta. Bertan, zuzendari ingelesaren zinema handi egiten duten elementu eta ezaugarriak identifikatzen asmatu zuen. Pertsonaiaren eta espazioren arteko harremanaz mintzatu zen protagonistak eskizofrenia duela azaltzeko. Testua Hitchcock and the Making of Marnie (2002) liburuan irakur daiteke, bestelako interpretazio eta azterketekin batera.

AEB: JONAS MEKASETIK DAVID BORDWELLERA

AEBetan hiru aldizkarik partekatu zuten zinemari buruzko eztabaida teoriko eta kritikoen noranzkoa: Film Culture, Film Comment eta Cineaste.

Beharbada azken honek, beranduago sortu izanagatik (1976an New Yorken, hain zuzen ere) ez du beste biek adina eragin izan. Katolizismotik hurbil, zinemari eskatutako konpromiso soziala defendatzeagatik nabarmendu izan da.  Aldizkarietan urte luzez idatzi duten kritikariak direla-eta, baina, Film Culture eta Film Comment dira esanguratsuenak.film culture

Jonas Mekas teorilari, kritiko, eragile eta zinemagileak 1955ean New Yorken sortutako Film Culture aldizkaria zinema independente eta abangoardiazkoaren funtsa bilakatu zen. Hollywoodeko estrategia produktibo eta narratiboak ukatzeko asmoz, Mekasek korronte bat sortu zuen bertan, eta hala, 1960an New American Cinema Group taldeari ere bidea zabaldu zion (Mekas anaiak -Jonas eta Adolfas-, John Cassavettes, Shirley Clarke, Robert Frank, Lionel Rogosin, Morris Engel eta beste zinegile batzuek osatutakoa). Zinema estatubatuarra iraultzea lortu zuten beren idazkiekin eta ekoitzi zituzten film independente eta sistemaz gaindikoekin. Erresuma Batuan gertatu bezala, mugimenduko partaideek New American Cinema Group manifestua kaleratu zuten beren aldarrikapenen berri emateko. Europan gertatzen ari ziren zinema berrien mugimenduekin bat egiten zutela idatzi zuten bertan. Hona jatorrizko testuaren zati txiki bat:

aeba

Mekas AEBetako kontrakulturaren aitzindarietako bat izan da, egun zinema esperimentala jorratzen jarraitzen duena. Izan ere, ia 80 zenbaki kaleratu ostean Film Culture (1956) aldizkaria itxi behar izan zuen arren, New American Cinema Group taldea, Filmaker’s Cooperative edo Filmcoop (1962) erakundea, eta honen egoitza den Anthology Film Archives (1969) sortu ditu, zinema amerikarraren izen handi eta garrantzitsua bilakatuz. Baina Mekasez gain, aldizkarian Adams Sittesek, Peter Bogdanovichek eta Andrew Sarrisek ere idatzi zuten.

Bostonen, aldiz, Film Comment aldizkaria sortu zuten 1962an. Zinema kritika eta kazetaritza uztartzen saiatu dira urte luzez, eta instituzio semipublikoek finantzatzen dute. Zinema nazionalaren berpizkundeagatik borrokatu zuen, eta mundu osoan ezagun egin diren zinema kritikari eta teorilariek idatzi izan dute bertan, beteak beste, James Agee, Pauline Kael, Kent Jones, David Bordwell, Manny Forber… teorialariek.

Bordwellek zinemari buruzko oinarrizko eskuliburuak idatzi ditu bere emazte Kristin Thompsonekin batera: Film History: An Introduction (1994), The Classical Hollywood Cinema (1985), Narration in the Fiction Film (1985) edota EHUk euskaratutako Arte Zinematografikoa (Film Art: An Introduction, 1979). Horrez gain, webgune oso interesgarri bat maneiatzen du. Bertan, blog eguneratu bat, saiakerak eta zinezale orori interesa dakiokeen informazio baliogarri ugari aurki daiteke.