Jon Eyherabide (Baiona, 1978) biologiako irakaslea, musikaria eta zinezalea da, eta Hazparneko (Lapurdi) Zinegin jaialdiaren antolaketa taldean dabil buru-belarri orain sei urte festibala sortu zutenetik. Bidasoa ibaiak Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean irudikatzen duen arrakalaz mintzatzera hurbildu zen 52. Durangoko Azokara, eta bide batez, berarekin hitzordua egiteko aprobetxatu genuen, jaialdiaren programazioa osatzeko dituzten zailtasunekin kezkatuta.

Muga administratiboak bi euskal film potolo jaialdian eskaintzea eragotzi zien 2017an. “Hegoaldeko zinema geroz eta gehiago ari da garatzen, sos handiagoetan ari da sartzen, eta guk nozitzen dugun ondorioa zera da: ekoizle askorentzat Ipar Euskal Herria Frantzia dela, eta Zinegin jaialdira etorri ezin direla esaten digutela, balizko jaialdi frantziar batek esklusibitatea eskaini diezaikelako”. Izan ere, euskal zinema euskaraz egiten den hori baino ez da, eta jaialdiaren antolaketa-taldeak oso argi du bere oinarria.

Bi aldeen artean elkarlana egon badagoela uste du ostera, eta pertsonen arteko harremanak sendoak direla. Aldiz, Hego Euskal Herrian Estatu espainiarreko erreferentziak hartzen baditugu, eta Ipar Euskal Herrian Estatu frantziarrekoak, hartu-emana kaltetuko dugu: “Guk, euskaldunok, erreferentziak sortu behar ditugu denon artean ulertzeko”.