Urtarrilaren 8an zabalduko dute Elias Querejeta Zine-Eskolako matrikulazio epea

Tabakalerako 0 solairuan 539 metro karratuko eskola ia prest dute irailean lehen ikasleak hartzeko. Bi hilabeteko epean, dena den, ekipamendu teknologikoa jarri beharko dute Elias Querejeta Zine Eskolan, hori baita atzeratuen dagoen alderdia. Baina eskolak emateko gelak, bulegoak eta gainerako aretoak gertu dituzte. Ikasleen matrikulazio kanpaina urtarrilaren 8tik maiatzaren 31ra luzatuko da, eta prezioa 3.500 eurokoa izango da.

Elias-Querejeta-Zine-Eskola-Matrikula-Zinea

66. Donostia Zinemaldiarekin batera hasiko dute ikasleek ikasturtea, eta 67. Donostia Zinemaldiko azken egunean amaituko dituzte eskola presentzialak. Orotara 45 ikaslerentzako lekua du Elias Querejeta Zine-Eskolak, ibilibide bakoitzean (Artxiboa, Kuraduria eta Sorkuntza) hamabost ikasle onartuko baitituzte.

Izen-emate prozesua datorren astelehenean, urtarrilak 8, zabalduko dute, eta horretarako eskolaren webgunean jarriko dute formularioa. Ikasleek datu-pertsonalak eta jasotako formakuntzaren agiriak ez ezik, eskolan ikasteko dituzten arrazoiak azalduko dituen gutun/bidea ere gehitu beharko dute. Dena den, goi-mailako titulurik eduki ez arren, interesa duen edonork eskolan sartzeko aukera izango du; horretarako, ikus-entzunezkoen alorrean egindako ibilbidea eta eskolan garatu nahi duen proiektua zeintzuk diren azaldu beharko du.

Onarpen prozesua bi epetan egingo dute: urtarrilaren 8tik martxoaren 31ra izena eman duten ikasleen artean lehen aukeraketa egingo dute, eta apirilean jakinaraziko diete onartuak izan diren ala ez. Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte izena eman dutenei, aldiz, ekainean. Horregatik, komeni da lehenbailehen izena ematea, izen-ematea gertatu ahala beteko baitituzte.

Carlos Muguiro Elias Querejeta Zine-Eskolako zuzendariak azaldu duenez, “deialdia etorkizuneko zinema eraiki nahi duten ikasleei zuzenduta dago”, eta haien profilak, irakasleenak bezalaxe, oso anitzak izango direlakoan daude. Otsailean, dena den, ate irekien jardunaldi bat egingo dute instalazioak eta hiru zutabe akademikoak hobeto azaltzeko.

Prezioa 3.500 eurokoa izango da, eta bi epetan ordaintzeko aukera eskainiko dute. Gaur egun titulua ez da ofiziala, graduondoko titulua baizik, Muguirok berak ofiziala izan dadin borrokatuko duen arren, eta ikasleek euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez osatuko dituzte ikasketak. Haien tutoreak, hain zuzen, elebidunak izango dira, eta oso profil anitzetakoak. Xehetasun guztiak Zine-Eskolaren atarian topatuko dituzue.