Estreinaldiak: Urtarrilak 5

Molly’s Game

Jessica Chastain aktorea Aaron Sorkin gidoigile eta zuzendari laudatuaren aginduetara jarri da Molly Bloom “pokerraren erregina”-ren biografiari buruzko filma osatzeko. Bloom eskiatzaile bikaina zen, baina Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera galdu ostean, Los Angelesera joan zen eta zerbitzari gisa hasi zen lanean. Enpresari lanetarako zituen dohainei esker, dena den, pokerraren munduan murgildu zen eta milioiak irabazi zituen 21 urte bete aurretik, FBIa bere kasua ikertzen hasi zen arte. Idris Elba, Kevin Costner eta Michael Cera aktoreek ere hartu dute parte Bloomen memorietan oinarrituta dagoen proiektuan, baina Chastainen lana nabarmendu du kritikak, 2018ko Golden Globes sarietan emakumezko aktore onenaren garaikurra jasotzeko hautagaia baita, drama kategorian.

Wonderstruck (El museo de las maravillas)

Far from Heaven (2002) eta Carol (2015) film ederren zuzendari Todd Haynes estatubatuarrak Cannesko Sail Ofizialean aurkeztu zuen 20ko eta 70eko hamarkadetan girotutako drama. Brian Selznicken eleberri homonimoan du jatorria, eta garai ezberdinetan biziko diren Ben eta Rose haurren istorio paraleloak kontatuko ditu. Nork bere ametsa du: Benek ezagutu ez zuen aitari buruz gehiago jakin nahiko du, eta etxean topatuko duen pista bati jarraiki abiatuko da. Rosek, aldiz, oroitzapenen liburu batean ikusitako emakumezko aktore misteriotsu bat ezagutu nahiko du, eta egunkarian titular bat irakurri ostean, bidaia ikaragarri batean murgilduko da. Oakes Fegley eta Millicent Simmonds gazteek antzeztu dituzte bi protagonistak, Julianne Moore eta Michelle Williams beteranoak lagun.

Brad’s Status (Qué fue de Brad)

Amazon Studiosek ekoitzi du Ben Stiller komedia-aktore ezaguna buru duen film berria: Brad’s Status. Bradek ibilbide profesional interesgarria eta familia zoriontsua ditu, baina bere ikaskide izandakoek lortu duten dirutzarekin obsesionatuta dago. Horregatik, AEBen ekialdeko kostan dauden unibertsitate prestigiotsuak ezagutzera joango da Troy semearekin, eta bere ziurtasun eza gainditu beharko du, semeak halakorik bizi ez dezan. Mike Whitek idatzi eta zuzendu du filma.

Insidious: The Last Key (Insidious: La última llave)

Beldurra eta misterioa uztartzen dituen Insidious sagako laugarren filma, aldiz, Adam Robitelek zuzendu du, eta Elise Rainier parapsikologoaren kasurik beldurgarriena izango du aztergai, sorgindutako etxea bere etxea izango baita. Lehen filmek harrera epela izan bazuten ere, herrialde gehienetan aste honetan bertan estreinatuko den atal berriak ez du oraingoz zaleen interesa erakarri.

Que baje Dios y lo vea

Curro Velázquezen komedia espainiarrak, bere aldetik, porrot egin duen monastegi bateko fraideen abenturak kontatuko ditu. Monastegia paradore bihurtu ez dezaten, Champion Clerum futbol txapelketan parte hartu beharko dute. Baina arazotxo bat izango dute: kongregazioan ez du inork futbolean jokatzen, eta txapelketa irabazteko dezente entrenatzeaz gain, mirari bat beharko dute. Karra Elejalde, Alain Hernández, J. M. Montilla, Macarena García, Tito Valverde eta Joel Bosquet aktoreek, besteak beste, hartu dute parte filmean.

Gnome Alone (Sola en casa)

Shrek (2001) filmaren ekoizle John H. Williamsen eta Hurrak eta Lapurrak (2014) filmaren zuzendari Peter Lepeniotisen proiektu berriak lorategiko ipotxen alde ezkutua erakutsiko digu. Chloe gaztea etxez aldatuko da amarekin, eta Liam lagun berriarekin batera jakingo du etxeko ipotxak bizirik daudela eta Troggs delako izaki gaiztoen aurka borroka egiten dutela, Lurra menderatu ez dezaten. Chloek eta Liamek ipotxekin bat egingo dute mundua salbatzeko. Horretarako aukera eskaintzen duten zinemetan, hiru dimentsiotan ikusgai izango den animaziozko film kanadarra.

Faut pas lui dire (Entre ellas)

Belgikatik, azkenik, Laura, Eva, Anouch eta Yael lehengusinen maitasun istorioei buruzko komedia helduko zaigu, Solange Cicurelen zuzendaritzapean. Elkarren artean oso ezberdinak diren arren, badute ezaugarri komun bat: maitasunagatik gezurretan aritzen dira. Yael ezkontzekoa da, baina senargaiak engainatu egiten duela jakingo dute beste hirurek, eta txintik ere ez esatea erabakiko dute.