Sexu-jazarpenaren aurkako Time’s Up funtsa sortu dute Hollywooden

300dik gora emakumezko aktore, zuzendari, gidoilari eta ekoizlek sinatu dute Time’s Up kanpainaren manifestua, sexu-jazarpenaren aurka eta emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde borroka egiteko helburuarekin. Meryl Streep, Jennifer Lawrence, Cate Blanchet eta Emma Stone bezalako aktore ezagunak daude egitasmoaren atzean, eta 13 milioi dolarreko diru-funtsa sortu dute baliabiderik ez duten emakumeei lege-babesa bermatzeko.

Times-Up-Zinea

Atzo, urtarrilak 2, New York Times egunkarian, orrialde osora, kaleratutako gutun baten bidez egin zuten publiko kanpaina. Azken hiletan Hollywood eta zinemaren industriara ez ezik, mundu osora hedatu den Harvey Weinsteinen kasuak milaka emakumeren salaketak eragin ditu, lan esparruan sexu-jazarpena jasan dutela aitortu baitute #MeToo traolaren bidez.

Entretenimenduaren sektoretik at egoera parekoa dela ikusita, emakumeen aurkako jazarpenarekin eta “gizonezkoen monopolioarekin amaitzeko” garaia dela ebatzi dute Hollywoodeko 300dik gora emakumek, eta berdintasun soziala bermatzeko Time’s Up kanpaina eta funtsa sortu dituzte.

“Industria guztietako buruzagitza eta botere postuetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan dadin nahi dugu, baita ordezkaritza, aukera, irabazi eta soldata parekideak izan ditzaten ere, eta andrazko afroamerikar, etorkin, lesbiana, bisexual eta transgeneroek ordezkaritza zabalagoa izan dezatela, lan esparruan bizi dituzten egoerak haien pareko emakume zuri, cisgenero eta heterosexualenak baino nabarmen kaskarragoak baitira”.

Sinatzaileen artean dira, besteak beste, Shonda Rhimes ekoizlea, eta Natalie Portman, America Ferrara, Meryl Streep, Jennifer Lawrence, Cate Blanchet, Emma Stone, Reese Whiterspoon, Eva Longoria, Rashida Jones, Ashley Judd, Sarah Jessica Parker, Lupita Nyongo, Margot Robbie, Emma Stone, Nicole Kidman eta Jennifer Aniston aktoreak.

Sare sozialen bidez, gainera, dei egin zieten industria eta sektore orotako emakumeei kanpainarekin bat egin zezaten.

Golden Globes, beltzez

Igandean, urtarrilak 7, banatuko dituzten Golden Globes sari entzutetsuetara, halaber, beltzez jantzita joango direla iragarri dute hainbat aktorek, zinemaren eta telebistaren industrietan emakumeek bizi duten jazarpena salatzeko.