Kritika: ‘A Ghost Story’

A-ghost-story-Kritika-Zinea-01Zuzendaria: David Lowery

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Iraunkortasuna, denbora edo isiltasuna edo ezereza bezala, izendatzen dugun une beretik zerbait izatera pasako da. Ongi daki hori David Lowery zuzendariak, bai. Bere lan berriaz gozatzeko Urruñako Itsasmendi aretora hurbildu beharko dugu, eta merezi du, bada, hausnarketarako gogoa baduzue behintzat, ez delako nolanahiko filma, zinta esperimentala baizik, ohiko kodeetatik at mugituko dena.

Irauteko tematiak izan behar dugulako, burugogorrak, denborari erronka egingo bagenio bezala. Mamu baten istorioa proposatu digu zuzendariak, bai, ondo entzun duzue, maindire eta guzti, maindire zuri handia, begietan bi zulo dituen horietakoa. Barruan Casey Affleck ezkutatu da, antza. Gizakia gizaki zerk egiten duen galdetuko du zuzendariak, eta nola egiten dugun, denborari iseka eginez, nahia eta gogoa muga fisikoetatik haratago helarazteko. Gogoa gizakiak duen gaitasunik harrigarriena baita. Mamu nahiko nuke izan Rooney Mararen mina elkabatzeko, ezertarako balio ez badu ere; mamu izan, ikusezin, mutu, iraun egingo dut, nire tokia zein den ulertu arte, ez daukat nora joan bestela. Badaude ni bezalakoak, beste mamuak, nork bere katea du, bere pisua, bere grabitate indarra, bertara lotuta egongo da, mugiezin. Eta nire mamu eskuak erabiliko ditut maitearen oinazea leundu nahian, berak antzemango ez badu ere, dagoeneko ez ditudalako parametro fisikoak maneiatzen; zer inporta denborak! Dagoeneko ez dakit zer den, mamu bat naiz, hilezkorra.

Zintak oinazearen ibilbide latza erakutsiko digu, modu berezi eta estatikoan, non protagonistaren eta agertzen diren pertsonaien paperak ez duten ia garrantziarik, garrantzitsuena, funtsean, mamua delako, dagoeneko ez dagoen norbait, baina irauten duena, filmean, zinta osoan zehar, tragediaren adierazle totemikoa, helbururik ez balu bezala, irautea besterik ez, izandako maitasun baten oroitzapena, oihartzun bat, aztarna bat, itsasargia.

Baina agian ez da dena dirudiena, agian irauteak bere fruitua emango du, eta agian, irautearen ekintzak berak zentzua emango dio guztiari, helburua, funtsean, irautea zelako, noiz arte? Horretako filma ikusi beharko duzue.

Zinta geldoa suerta daiteke, badakit, errua zuzendariaren handinahiari egotziko dionik izango da. Baina zinta zintzoa da nire ustez, eta xumea; eta zinemak egiten dakien gauza harrigarri hori egitea lortuko du: irrika sortzea. Eta irudiekin, ia aktorerik gabe eta elkarrizketa eskas batzuekin, istorio sakon eta mamitsu bat kontatzea.

Mamu izan nahiko nuke, eta iraun, unibertsoaren lege fisikoetatik haratago, errepika daitezen ziklo guztiak, nagoen bitartean, azkenean gakoa uler dezadan, eta orduan bai, aurrera egin. Saia zaitezte, bada, denak izan garelako noizbait mamu, eta hala izan ez bada, iritsiko zaigu momentua.