Arrain zopa eta turroi artean

Arrain-zopa-Uxue-Arzelus-Zinea-01

Asko gustatzen zaizkit Gabonak. Gustatu bakarrik ez, Gabonak maite ditut. Iraila amaitzen denean (Donostia Zinemaldia bukatutakoan, zehazki – asko maite dudan garaia, baita ere-), Gabonen zain gelditzen naiz, eta abendua iritsi ahala urduritzen hasten naiz. Ez dakit txikitako oroitzapen onengatik den, Gabonen inguruan sortzen den fantasia puntu horregatik, edo Gabonetan girotutako filmeen xarma dela-eta. Baina Gabonak urtean bitan ospatu beharko liratekela pentsatzen duen horietakoa naiz.

Egunok ohitura eta tradizioak jarraitzeko egunak dira, eta askorentzat, badira Gabonetan ikusi beharreko filmak. Nire kasuan, Love actually (Richard Curtis, 2003) da. Izugarri gustatzen zait (bai, ez dit lotsarik ematen hori aitortzeak) eta Gabonetan gertatzen den film bat izateaz gain, gidoi eta pertsonaia bikainak dituela iruditzen zait. Garai batean, ikusi beharreko Gabonetako film horren lekua Home alone 2 (Chris Columbus, 1992) filmak betetzen zuen; Gabonak New Yorken, ez dut gehiago esango. Gainera, film horiek duten beste alderdi ona bat zera da: udan ere ikus ditzakezula, Gabonak urrunegi sentitzen dituzunean.

Arrain-zopa-Uxue-Arzelus-Zinea-03

Konturatu naiz, ordea, Gabonen gaia lantzen duten filmez gain, haurrak ginela behin eta berriro ikusten genituen filmak berrikusteko garaia ere badela. Telebistako programazioa ikusi besterik ez dago! Gremlins (Joe Dante, 1984), Teenage mutant ninja turtles (Steve Barron, 1990), Kindergarten Cop (Ivan Reitman, 1990) eta 80ko eta 90eko hamarkadetako beste hainbat film eskaini dituzte egunotan. Ez zait plan hobeagorik bururatzen.

Arrain-zopa-Uxue-Arzelus-Zinea-05

Haurra nintzela maite nituen filmak gogoratzen ahalegindu naiz, beraz, nire maratoi propioa sortzeko intentzioarekin, eta gurasoekin hitz egin ondoren, ondorengo hauek dira gure telebistari kea aterarazten zioten filmak: Mary Poppins (Robert Stevenson, 1964), Ghostbusters (Ivan Reitman, 1984), Indiana Jones (Steven Spielberg, 1981), E.T The Extra-Terrestrial (Steven Spielberg, 1982), Hook (Steven Spielberg, 1991), Bedknobs and Broomsticks (Robert Stevenson, 1971), Oliver! (Carol Reed, 1968) eta Kalabaza Tripontzia (Juanba Berasategi, 1985). Ez zait nahasketa txarra iruditzen. Film horietako hainbat egun ere, noizean behin, berrikusten ditut, eta ahizpak eta biok maiz erabiltzen ditugu bertako esaldiak elkarri adarra jotzeko. Ohitura berri hau mantentzen zaila izango ez delakoan, beraz, urteko bigarren Gabon horiek beharko ditut film denak arrain zopa eta turroi artean ikusi ahal izateko. Aitzakia bikaina!