2018ko lehen Bang Bang Zinema saioa, otsailaren 17an

Bang Bang Zinema ekimenak hiru urte bete zituen 2017ko udazkenean. Film bat zineman ikustea esperientzia ludiko eta kolektibo bat dela aldarrikatzeko asmoz, emanaldi bikoitzak antolatzen hasi zen Donostiako zinezale kuadrilla bat, eta Donostia Kulturaren, Kutxa Fundazioaren eta SADE enpresaren babesa lortu dute. Datorren saioa otsailaren 17an egingo dute, eta Flashdance (Adrian Lyne, 1983) eta Top Gun (Tony Scott, 1986) klasikoak aukeratu dituzte bertan emateko.

Ohi bezala, abenduan egin zuten saioa oso arrakastatsua izan zen! Rocky (John G. Avildsen, 1976) eta Seven (David Fincher, 1995) filmak eskaini zituzten orduan, eta aretoa erabat bete zen, bi ordu lehenagotik ilara luzea sortu baitzen Antzoki Zaharraren parean.

San Valentin eguneko ospakizuna hurbil izango denez, otsailaren 17ko emanaldian Flashdance eta Top Gun eskainiko dituzte. Tom Cruis aktoreak estreinakoz hartuko du parte Bang Bang Zinema saio batean, eta abagunea behar bezala ospatzeko ondorengo dress-code delakoa proposatu dute antolatzaileek: praka elastikoak, kalentadoreak, hegazkinlari-jaka eta eguzkitako betaurrekoak.

Sarrerak ez dituzte oraindik salgai jarri, baina laster izango dira eskuragai, hilabete eskas falta baita emanaldi bikoitzerako.