Lucrecia Martel zinegile argentinarra, urteko lehen gonbidatua Tabakaleran

Argentinako zineman bide berria ireki zuen zinegilea da Lucrecia Martel, eta hil honen 26an bere film berria, Zama (2017) estreinatuko du areto komertzialetan. Hori dela eta, Donostiako Tabakaleran zinegilearen hiru film luze proiektatuko dituzte urtarrileko Fokuan, eta Martel bera Donostian izango da urtarrilaren 10ean, asteazkena.

Cannesen, Berlinen, Venezian, Toronton, New Yorken, Sundancen, Rotterdamen… estreinatu ditu Martelek bere filmak 2001ean La ciénaga bakarkako lehen film luzea aurkeztu zuenetik. Zinegile ezezagun izatetik nazioartean ospea eskuratzera igaro zen bat-batean, eta bere lana mundu osoko instituzio eta unibertsitateek aztertu dute.

Hiru izan dira bakarka zuzendutako film luzeak, eta laugarrena heldu aurretik, lanok ikusteko aukera eskainiko dute Tabakaleran:

  • Urtarrilaren 5ean, ostirala, 19:00etan La ciénaga (2001)

  • Urtarrilaren 13an, larunbata, 18:00etan La niña santa (2004)

  • Urtarrilaren 19an, ostirala, La mujer sin cabeza (2008)

Baina emanaldiak ez ezik, zinegilearekin berarekin solasaldia ere programatu du Tabakaleran Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean. Urtarrilaren 10ean, asteazkena, izango da, 18:00etan hasita, eta bertaratuek Martelek bere zinemagintzaren errepasoa nola egiten duen entzuteko aukera izango dute.

Horrez gain, otsailaren 3an, larunbata, Zama film berriaren inguruan argitaratutako El mono en el remolino. Notas del rodaje de Zama, de Lucrecia Martel (Selva Almada) literatur lanaren eta Años Luz (Manuel Abramovich, 2017) dokumentalaren aurkezpenak ere egingo dituzte. Lehena 18:00etan izango da, eta proiekzioa 19:30ean abiatuko dute.

Urtarrilean zehar, halaber, martelen hiru film labur (Rey muerto, Pescados eta Nueva Argirópolis) proiektatuko dituzte Tabakalerako Horman.