Alfred Hitchcocki eskainitako azken saioak, Nafarroako Filmotekan

Oinarrizkoak izeneko programazioaren baitan, Bergman, Ford, Welles, Chaplin eta Kubrick zinegile handien obrak izan dituzte aztergai orain arte Nafarroako Filmotekan, eta Alfred Hitchcock (1899-1980) aurtore britainiarrari eskainitako zikloa urtarrilean amaituko dute. Lau film emango dituzte asteazkenetan, hiru euroren truke.

Zinemaren historiako egile handienen artean da Alfred Joseph Hitchcock zinegilea, eta 50 urtean garatu zuen zinemagintzak estilo eta ezaugarri propioak izan zituen. Berritzailea izan zen kameraren erabilpenean, voyeurismo bezala ezaguna den teknika baliatu baitzuen, eta enkoadre ezberdinen bidez antsietatea, beldurra edota enpatia bezalako emozioak transmititzen zituen. Psikoanalisiarekin lotutako gai ugari jorratu zituen, halaber, eta bere protagonistetako asko “errudun faltsuak” izan ziren, filmaren amaieran tramak goitik behera aldatuz.

Orain arte The 39 Steps (1935), Notorious (1946), Dial M for Murder (1954) eta The Wrong Man (1956) bezalako filmak eskaini dituzte, eta datozen asteetan ondorengoak izango dira ikusgai:

  • Urtarrilaren 3an, asteazkena, 20:00etan: Vertigo (1958)

  • Urtarrilaren 10ean, asteazkena, 20:00etan: North by Northwest (1959)

  • Urtarrilaren 19an, ostirala, 20:30ean: Psycho (1960)

  • Urtarrilaren 24an, asteazkena, 20:00etan: Alfred Hitchcock’s The Birds (1963)