The Disaster Artist

James Francok zuzendu eta antzeztu du Greg Sestero eta Tom Bissellen lanean oinarritutako obra berezia. Historiako film kaskarrenetakoa den Tommy Wiseauren The Room (2003) lanaren ekoizpena du aztergai, eta Donostia Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen. Horrez gain, film onenaren eta gizonezko aktore onenaren (Franco) kategorietan Urrezko Globoa eskuratzeko hautagaia ere izango da urte hasieran.

The Greatest Showman (El gran showman)

Jenny Bicks gidoilari eta ekoizlearen istorio batean oinarritutako musikala gidatu du, aldiz, Michael Graceyk, Urrezko Globoa eskuratzeko hiru kategoriatan hautagaia dena, hau ere. Aktore taldean, Huch Jackman, Michelle Williams, Zac Efron eta Zendaya bezalako izarrak. XIX. mendean, 1810etik 1891ra, bizi izan zen Phineas Taylor Barnum zirku-munduko enpresariaren bizitzari buruzko lana da, “lurreko ikuskizun handiena” bezala ezaguna zen Ringling Bros. And Barnum & Bailey Circus zirkoa sortu baitzuen.

Grüße Aus Fukushima (Recuerdos desde Fukushima)

Fukushima ingurua bisitatzen ari dela, Marie gazteak Satomi agurea ezagutuko du. Bere bizitza aldatzeko asmoz joan da Marie bertara, Clowns4Help erakundearen bidez, hondamendi nuklearretik bizirik irten ziren herritarrei itxaropen apur bat ematera. Baina berehala ohartuko da ez dela horretarako gai, eta etxera itzuli beharrean, Fukushimako azken geisha izan zen Satomi zakarrarekin geratzea erabakiko du. Aldeak gainditu, eta erruduntasuna eta iraganeko oroitzapenen karga alboratu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Doris Dörriek idatzi eta zuzendu zuen 2016an estreinatutako film alemaniarra.

Un sac de billes (Una bolsa de canicas)

II. Mundu Gerran girotutako drama frantziarra da, ostera, Christian Duguay zinegilearen berriena. Bi anaia judutarrek Frantziara ihes egingo dute alemaniarren okupazioa tarteko, eta borrokatik zein kontzentrazio-esparruetatik kanpo bizi zen giroa erakutsiko du lanak. Duguayk berak aktore gisa ere egin du lan Dorian Le Clech eta Batyste Fleurial gazteekin, besteak beste.

Final Portrait (El arte de la amistad)

Laguntasunari buruzko film biografikoak Alberto Giacometti margolari eta eskulturgile suitzarraren historia kontatuko du. 1964an, Giacomettik James Lord arte kritikari eta idazle estatubatuarra gonbidatu zuen erretratu bat egiteko. Egun gutxi batzuetako lana zirudiena, ordea, aste luzez luzatu zen margolariaren kontzentrazio faltagatik, eta Lordek itzulerako hegaldia hainbat aldiz atzeratu behar izan zuen. Geoffrey Rush eta Armie Hammerrek antzeztu dituzte bi pertsonaia nagusiak Stanley Tucciren gidaritzapean, eta filma Berlinale eta Sundance jaialdietan aurkeztu zuten.

https://youtu.be/PWkS1gO3aNI

Pitch Perfect 3 (Dando la nota 3)

AEBetan sekulako arrakasta erdietsi ostean, Pitch sagako hirugarren atala aste honetan helduko da gurera. Munduko txapelketa irabazi ostean, Bellas taldeko kideek musikaren munduan lana topatzeko ahaleginak egingo dituzte. Baina emaitza ez da esperotakoa izango. Hala, atzerrian bira egiteko aukera sortuko zaienean, kanta berriak sortzen hasi beharko dira. Anna Kendrick, Hailee Steinfield, Rebel Wilson, Brittany Snow, Elizabeth Banks, Alexis Knapp eta Ruby Rose bezalako aktore eta musikari ezagunek hartu dute parte, beste behin ere, filmean. Trish Sie zinegilearentzat, ostera, sagako lehen filma izango da.

Gremlins

1984ko kultuzko filma zinema aretoetan izango da ikusgai berriro Gabonetan, nostalgikoenen gozamenerako. Randek mogwai bat oparituko dio seme Billyri. Hura zaintzeko hiru arau jarraitu beharko ditu: gauerdia igarotakoan ezin zaio jaten eman, ez da izakia busti behar eta eguzkiaren argia saihestu behar du. Arau horiek berehala hautsiko ditu, ordea, Billyk, eta bihurrikeriak egiten hasiko da mogwai txikia. Zach Galligan, Hoyt Axton eta Phoebe Cates aktoreek, besteak beste, antzeztu dituzte beldurrezko komedia fantastiko honetako pertsonaia nagusiak.

Forget About Nick

Eta komediekin amaitzeko, Margarethe von Trottak zuzendutako lan alemaniarra izango da asteko azken estreinaldia. Jadek eta Mariak New Yorkeko atiko batean egingo dute topo. Oso ezberdinak dira, baina badute batzen dituen zerbait: Nick senar ohia. Biek uste dute gizonaren luxuzko pisuaren jabe direla, eta beraz, elkarrekin ongi moldatu beharko dute tratu batera heltzeko. Ingrid Bolso Berdal eta Katja Riemann aktoreek gorpuztu dituzte bi andrazkoak.