Kritika: ‘Wonder Wheel’

Wonder-Wheel-Poster-Kritika-ZineaZuzendaria: Woody Allen

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Atsekabearen eta etsipenaren istorioa dugu Woody Allenen berriena. Ondo asmatu du izenburuarekin, gurpil erraldoia, noriatzarra, gupida gabe aurrera egiten duen trama, mantsoa; baina minutuek aurrera egin ahala, goia jotzen dugunean beherako bidea besterik ez dugula iragarriko dugu.

Zaila egin zait filmean sartzea, astiro egiten duelako madarikatuak, gutxika azalduko dizkigulako pertsonaia desberdinen nolakotasun eta ñabardurak, haiengana hurbil gaitezen, ulertzen saia gaitezen. Kostata, esan bezala, erritmo mantsoa duelako zintak, geldoa. Teknikoki oso interesgarria plano eta kamera mugimenduei dagokienean, guztiz teatralizatuak diruditen plano irekiak baliatuko baititu askotan. Argia eta argazkia oso modu berezian erabiliz, kolore eta plano landuen bidez, egoera zehatz batzuen esanahiak indartu eta irakurketa osatuagoak eraiki ditu; bestetan, aldiz, kamera eskutan, etengabean pertsonaiak jarraituko ditu, kamera airean daramala, modu lehunean filmatuz.

Tenessee Williamsen zinemagintza dakar gogora batzuetan, teatralitatea eta dramatismoa direla-eta; koloreek, berriz, Fassbinder edo Won Kar-Wai ekarri dizkidate gogora.

Eta hasierara itzuliko naiz, etsipenera, atsekabera, eta honek gugan piztu ditzakeen jokaerarik baxu eta tamalgarrienetara. Eskerrak aktoreei, eta batez ere, Kate Winslet handiari, berak hezurmamituko duelako istrorio honetako bizkarrezurra, berak erakutsiko digu bidea, saguentzako labirinto tamalgarrian, kalitatezko antzezpen benetan aipagarriarekin. Winsletek Hollywoodeko antzinako aktoreen pareko papera antzeztuko du, oinazea arrastaka daraman animalia, ihesbidea nolanahi bilatuko duena, oholtzan handitu egiten den horietakoa, argiak, jantziak, apaingarriak eta ezpainetako gorria, azken muturreraraino, bertan gu topatzeko, ikuslegoa, drama guzti horri zentzu pittin bat emateko.

Dagoeneko ezagunak zaizkigun nahasmasen istorio horietako bat azalduko digu Allenek, gero eta mikatzagoak, dirudienez, hau kasu. Eta esperimentu interesgarria atera zaio oraingoan, zinta aipagarriegia ez bada ere, tramak aurrera egin ahala harrapatu egingo gaituelako, eta etsipenaren etsipenaz hondoratuko gaitu, gezur, sekretu, desira eta lotsen artean. Bourbonarekin batera, sukalde-izkinako apalategian kokatuko gaitu, pertsonaien ezinegonak goia jo duenean, noriaren goialdean daudenean, jaitsiera besterik ez dutenean aurrean, gutaz balia daitezen, barka ditzagun euren bekatu guztiak, koitaduak, gorabeherez beteriko jolas-parkean bizi garelako. Bertan irrikak, pozak, oroitzapenak eta tristurak, denetik izango dugu, koloreek eta argiek liluratuko gaituzte, hitz goxoek, soinu ederrek, baina jolas-parkea itxitakoan argiak itzaliko dira, jolasak amaitu, eta irabazi ala galdu, etxera joateko garaia iritsiko da. Kontuz, beraz, zeren alde egiten duzuen apustu, ez zaitezten azken unean damutu.