Duela gutxira arte, Tommy Wiseau-ren izena ezezaguna zen mainstream delako komunikazio-kontzeptu nahiko peioratibo horretan. Baina, askorentzat, jadanik kultuzko sortzailea zen Wiseau jauna, Interneteko freak eta geek komunitateentzat, hain zuzen ere. James Francok bere istorioa film bilakatu eta Urrezko Maskorra etxera eraman baino askoz lehenago, Interneteko komunitateek eta ahoz ahoko komunikazio digitalak mito berri bilakatu zuten.

The Room filmetik The Disaster Artist lanera doan bidaia Transmedian oinarritzen da. Baina bat-bateko prozesu transmediatikoa izan zen hura, modu horizontalean sortutakoa eta elkar-sormenezko ekintzek eragindakoa. Zentzu horretan, bi prozesu jarri ziren abian. Alde batetik, online formatuak eraiki zituzten komunitateek, birnahasketaren edo remix-aren kontzeptuan oinarrituta.

Bestalde, online izaeratik offline errealitatera eraman zuten The Room. Hala, filmaren une eta esaldi gogoangarrienak erabiliz, Live Cinema ekitaldiak antolatzen hasi ziren, The Rocky Horror Picture Show antzera. The Room  bizipen bilakatu zen orduan, behetik gorantz sortutako esperientzia multiformatua. Eboluzio naturala, beraz. Eta horregatik, Transmedia darwinista dela esan dezakegu.

Eta Transmedia darwinistaren ondoan, diseinuko Transmedia aurki genezake, planifikatutako Transmedia, alegia, formatu guztiak aurretik definitzen eta lantzen dituena. Eta, nahiz eta hemen ere komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoa izan, ez du zentzu sortzaile hori: komunitatea hartzaile aktiboa da soilik. Horregatik, Transmedia Kreazionista dela esan dezakegu, diseinu adimendunean oinarritzen dena, baina arras bertikala. Adibide bezala, hor ditugu Movistar + kanalaren La Peste edo La Zona telesailak.

Transmedia honek, ordea, kontaketa modu eraginkor eta adierazgarrian hedatzea ahalbidetzen du. Hau da, pieza edo formatu bakoitza narrazio-arku bilakatzen da, ez da gehigarri hutsa. Beraz, bietatik, zein izango litzateke egiazko Transmedia? Zaila de esatea. Egia esan, bien arteko nahasketa izango litzateke erantzun zuzenena. Aldez aurretik narrazio-unibertsoa definituz, baina elkar-sorrerarako input-ak irekiz formatu bakoitzean, komunitatearen benetako parte-hartzea eragiteko.