Hogei musika-dokumental, giro hotza epeltzeko

Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdiaren edizio berria urtarrilaren 6tik 13ra luzatuko da, Errege egunetik aurrera, astebetez, eta orotara hemeretzi lan eskainiko dituzte Sail Ofizialean (zortzi lan), Perfect Day sailean (zazpi lan) eta Paint it Black Tony Palmer atzera-begirako sailean (lau dokumental). Aldiz, Marley (Kevin Macdonald, 2012) dokumentala izango dute ikusgai Donostiako eskoletako gazteek hilaren 12an egingo duten haiei zuzendutako emanaldian.

Dock-of-the-bay-Zinea-Aurkezpena

Donostiako Antzoki Zaharra eta Trueba zinemak musikaz beteko ditu urte berriarekin batera Dock of the Bay jaialdiak. Egitarau potoloa prestatu dute jaialdiaren 11. ediziorako, eta hiru sail nagusi bereiziko dituzte aurten aurrenekoz: lehian ariko diren filmen Sail Ofiziala, urteko musika dokumental esanguratsuenak bilduko dituen Perfect Day saila, eta Tony Palmer dokumentalgileari omenaldia egiteko baliatuko duten Paint it Black Tony Palmer atzera-begirakoa.

Atal bakoitzean ikusgai izango diren filmak ikusteko, onena jaialdiaren orrialdean sartzea duzue, baina aurrerapen gisa kontatuko dizuegu, lehen emanaldian All you need is love. All Along the Watchtower (Tony Palmer, 1977) eskainiko dutela hilaren 6an, larunbata, 19:30ean Antzoki Zaharrean, eta jarraian Sandrine Bonnairek aurten aurkeztutako Faithfull dokumental interesgarria emango dutela, 22:00etan Antzoki Zaharrean.

Sail Ofizialean, halaber, The Allins (Sami Saif), A life in waves (Brett Whitcomb), Cassette: A documentary mixtape (Zack Taylor), Black is Black (Fran Parra) eta La Chana (Lucia Stojevic) eskainiko dituzte, besteak beste.

Erakusketa

Urtarrilaren 8tik 25era, halaber, Narratiba zatikatuak, memoria birtualak izeneko erakusketa jarriko dute Kutxa Kultur Plazan. Irudiak eta bideo laburrak sare sozialetan kontsumitzeko dugun joerak oinarritutako bilduma izango da, eta erakusketaren helburua agertoki berri hori plazaratzea izango da, irudi propioen zein besteen argazkien bidez.

Ohi bezala, gainera, jaialdiarekin lotutako argitalpen bat kaleratuko dute. Kasu honetan, Felipe Cabrerizo arduratu da Johnny Hallyday aktore eta musika frantziarrari buruzko lan biografikoa osatzeaz, eta urtarrilaren 12an, 19:30ean, egingo dute aurkezpena Kutxa Kultur Plazan.

Mintegia

Abendu hasieran aurreratu bezala, aurten lehen aldiz eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean, Musika, irudi eraikitzaile mintegia egingo dute urtarrilaren 11n 16:30etik 20:00etara. Irudiak eraikitzeko musika oinarritzat hartzen duen ikus-entzunezko testuaren izaera lantzeko topagunea izango da, eta izen-ematea aldez aurretik egin beharko da info@dockofthebay.es helbidera idatzita.

Mintegiaren egitaraua ezagutzeko, zein jaialdian egingo dituzten musika emanaldiak eta jaiak kontsultatzeko, sartu Dock of the Bay orrialdean.