Ibon Meñika eta Haritz Petralanda gazteek IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak abian jarritako Gernikaren egiak dokumentala osatu dute. Gernika bonbardatu zutela 80 urte bete diren honetan, jazotakoaren inguruko lekukotzak bildu nahi izan dituzte ikus-entzunezko formatuan, nagusiki, emakumeen eta herri-mugimenduen ahotsak goratuz. Proiektuaz mintzatu gara haiekin Durangoko Azokako Irudienea gunean egin duten aurkezpenaren harira.
Egia ezagutzen lagunduko digun ikus-entzunezko tresna osatzea izan da haien erronka, inertziaz idatzizko formatura jotzen dutela aitortu baitigu Meñikak. IPES elkarteak Gernikaren bonbardaketaren 50. urteurrenean Gernikako Batzordeak antolatu zuen historialarien mahai-inguruaren transkribaketa egin zuen apirilean, eta dokumentala bigarren urratsa izan da. “Iraganean egindakoa eta gaur egun duguna erakusten du filmak, baina hori baino gehiago, etorkizunean egiteko geratzen zaiguna ikusarazteko balio izan digu”, gaineratu dute.
Emakumeen, herri-mugimenduen eta komunikabideen papera aztertu dute, “isildutako ahotsak”, baina haien proiektura ekartzeko arrazoia ez da bilatutako zerbait izan, elkarrizketak prestatu ahala suertatutakoa baizik. Dokumentala online dago, edonork ikusi eta jarraian gogoetak egin ditzan.