Estreinaldiak: Abenduak 22

Jumanji: Welcome to the jungle

Bueltan da urteetan harrapatu gintuen bideojokoaren film hura.  Jake Kasdan zuzendaria ausartu da gaiari heldu eta 3D formatuko remake filma osatzera; jatorrizko oinarri iluna alde batera utzi eta ikuspuntu komiko baten talaiatik berridatzi du istorioa. Egungoan ere, bideojokoak harrapatutako gazte taldea izango dugu bere jatorrizko mundura itzultzeko modua bilatzen.

Wonder Wheel

Woody Allen zuzendariaren azken lana. Izatez, ez luke aurkezpen gehiagoren beharrik.  Coney Islan delakoan kokatzen da istorioa, bertako jolas parkean. Mickey Rubin protagonistaren begietatik egingo du kontakizuna, idazle izatearekin amesten duen parkeko segurtasun zaindariaren bizipenen prismatik. Amodioa, alkohola, ihesa… 50.hamarkadan girotutako drama bat osatuko duten osagai guztiak biltzen ditu filmak.

Downsizing

‘Handia’ filmak badu bere ordezkaria AEBn. Gizon handia da Paul, eta urteen poderioz ikasi du zoriotsuago izango litzatekeela tamaina txikiagoa izango balu. Bizitza errazagoa litzateke egun duen hori, tamaina txikiagoa izanagatik, kopuru haundiagoan izango balu. Bere neurria murrizteko erabakia hartuko du, hortaz.

Besteak beste, Matt Damon eta Christoph Waltz aktoreen lanak nabarmentzen dira Veneziako Zinemaldian estreinatutako film honetan.

Ferdinand

Asmo txarrik gabeko zezena da Ferdinand. Salto egin, arnasestuka aritu eta oldartu baino, landan atseden hartu eta loreen usainarekin gozatzea maite du animaliak. Hazi eta indartu egingo da, baina bere jarrerak ez dio otzana izateari utziko. Egun batean, zezen handi, azkar eta suharrenaren bila etorriko da ganaduzale talde bat, eta Ferdinand aukeratuko dute Madrilgo zezenketetan parte hartu dezan. Haurrek gabon alaiak hasi ditzaten, hau dugu aste honetarako animazio proposamena.

The Dinner

Luxuzko jatetxe batean bilduko da laukote bat, zuzenean ikutzen dituen zorigaiztoko gertakari baten inguruan eztabaidatzeko. Orotariko gaien inguruan hausnartzera eramango gaitu izen bereko eleberrian oinarritutako film honek.

Columbus

Aita arkitektuaren koma egoera dela eta, Columbus, Indiana, hirira lotuta ikusiko du bere burua gizon batek bapatean. Bertan, bere bizitzako ametsak lortzearen kalterako, amaren gerizpetik mugitu nahi ez duen neska gaztea ezagutuko du. Mundu osoko zinema jaialdietan barna ibilbide oparoa egin ostean iritsiko da filma Hego Euskal Herriko aretoetara.

Tiger Zinda Hai

Asteko proposamen arriskatuena izan daiteke, lasai asko, Indiatik heldutako filma hau. Espioitza, inteligentzia agentziak, maitasun kontuak… nahasten ditu Ali Abbas Zafar zuzendariaren proposamenak. Tiger eta Zoya agentzia etsai birentzako lan egiten duten espioiak dira, Dublinen kokatutako misio batean elkar ezagutu eta maitemindu egingo direnak. Maitasun hori gauzatzeak ekarriko dituen arriskuei aurre egin, eta elkarrekin ihes egiteko hautua egingo dute.