Kritika: ‘Muchos hijos, un mono y un castillo’

Muchos-hijos-un-mono-un-castillo-Kritika-ZineaZuzendaria: Gustavo Salmerón

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia

Familia, nondik hasi, zera hori, Frankenstein maitagarria. Beldurrezko film batetik eratorria dirudiena kasu batzuetan, besteetan berriz, gauzarik goxo eta hunkigarriena. Horrela aurkezten digu Gustavo Salmeronek bere familiaren, eta zehatzago esateko, amaren inguruan filmaturiko dokumentua. Horrelakoxeak direlako familiak, atea itxi bezain pronto barruan sortzen diren trama eta dramak barne, eta ezin dugu alde egin, famila familia delako eta beti izango delako gure parte.

Bere garaian Jaime Chavarrik filmaturiko El Desencato lanaren pareko ibilbidea proposatuko digu zinegileak, hau da, garai oparoagoak bizi izan dituen familia baten gainbeheraren kronika. Kasu honetan, ordea, Salmeronek ez dio zintari Chavarrik emandako tonua eskainiko, bestelakoa baizik, alaiagoa izango da, umoretsuagoa eta xaloagoa, agerikoa da Salmeronek familia maite duela, ez dago itsu baina, eta horrela erakutsiko dizkigu bere ama Juliaren erokeria eta nahasmasak denon aurrean plazaratuz.

Kontua argia delako: salmerondarren sendian zentuzgabekeria guztiz errotuta egon arren, haien kode genetikoan finkatuta balego bezala, zentzugabekeria eta gehiegikeria horiek guztiek mundu propio bat sortu dute, bere baitan logika duen mundua, haiena, antolatzeko modu bakarra, zentzugabetasunaren erreinu horretan errege eta erregina izateko, dagokion lekuan, gazteluan.

Eta zuzendariak familiari dion maitasunak pantaila zeharkatzeko gaitasuna izango du, zer pentsatu emangu digun bitartean. Medio tekniko eskasekin burututako lana dugu ondorengoa, xumea, ez dio garrantzia handirik emango alderdi horiei, neurri batean, bilatutako efektua izan daiteke, Super8 edo etxeko kamararekin jasotako oroitzapenen bilduma bat gehiago bezala aurkezten zaigulako.

Zintak erakusten dizkigun gauza guztien artean arakatzen arituko garelako, oritzapenen artean, amets, gogo, eta ahantzitako aintzinako nahien artean. Eta behin eta berriro ekarriko digu gogora oroimena eta metaketa, metaketa azturaren kontrako sendagai bezala, diogenesak bilaka gaitezen, bizipen guztiak gorde ditzagun, oroitzapen guztiak. Disfuntzionalitatearen aldeko lana dugu zinta, bere baitan funtzionalak diren disfuntzionaitateak daudelako, salmerondarrena kasu, eta gutariko askorena ere, ziur.