Euskadiko Filmategiak eta Kimuak programak, Etxepare Institutuarekin batera, Egunik Laburrena jaialdia antolatuko dute Donostian. Tabakalerako 2 Zinema Aretoan Estatu espainiarreko film labur onenak proiektatuko dituzte abenduaren 28an, 19:00etan. Kimuak programaren arduraduna den Txema Muñozek aurkeztuko du saioa.
Abenduaren 21eko neguko solstizioaren (eta urteko gaurik luzeenaren) aitzakiapean, 2011z geroztik, iraupen motzeko zinema ezagutaraztea da jaialdiaren helburua, eta horretarako, abenduaren 18tik 23ra Bilbon egingo duten bezala, Espainiako film laburren mapa osatuko dute. Aurten, proiektatuko dituzten filmen aukeraketa Valentziako Generalitateko Filmotekak egin du, eta erkidego bakoitzeko lan hoberenak jasotzen ditu.
Euskal ordezkaria Beti bezperako koplak film laburra izango da (Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako irabazle izendatu berri duten Maialen Lujanbiok idatzitako eta Ageda Kopla Taldea kolektiboak egindako animazioa). Bestalde, Alberto Vázquez galiziarrak zuzendu eta Bilboko Uniko etxeak ekoitzi duen Decorado ere ikusi ahal izango da.
Jarraian jaialdiaren egitaraua:
- GALIZIA
Decorado (Alberto Váquez, 2016, 11’)
- GAZTELA ETA LEON
Leni K (Alberto Taibo, 2016, 19’)
- KANARIAR UHARTEAK
Desayuno con pastillas (Zacarías de la Rosa -Zac73dragon- 2016, 10’)
- ASTURIAS
No jungle! (Carmen Menéndez, 2016, 17’)
- ARAGOI
Un minutito (Javier Macipe, 2016, 8’)
- ANDALUZIA
¿Jaque mate? (Miguel Gutiérrez, 2016, 9’)
- KANTABRIA
La jaula (Nacho Solana, 2016, 11’)
- VALENTZIAKO ERKIDEGOA
The Fourth Kingdom (Adán Aliaga eta Àlex Lora, 2016, 15’)
- EUSKADI
Beti bezperako koplak (Ágeda Kopla Taldea, 2016, 5’)
- EXTREMADURA
Las reglas del subjuntivo (Leticia Torres, 2016, 11’)
- MADRILGO ERKIDEGOA
Made in Spain (Coke Riobóo, 2016, 11’)
Sarrerak 3,50 euro balioko ditu eta Tabakalerako Informazio Puntuan daude salgai (18:30etik aurrera leihatilara agertzen diren 25 urtez azpiko lehen 25 gazteek doako sarrera izango dute, aretoa bete arte).