Bidali zure lana 11. HUHEZINEMA jaialdira!

Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren hamahiru gaztek osatu dute 11. HUHEZINEMA jaialdiaren antolaketa-taldea, Iban del Campo irakaslearen aholkularitzapean, eta edizio berria martxoaren 21etik 23ra egingo dutela iragarri dute. Lanak aurkezteko epea, ostera, otsailaren 9ra arte egongo da zabalik, eta 5.000 euro banatuko dituzte saritan.

Huhezinema-2018-Deialdia-Zinea-Txikia

HUHEZINEMA film laburren jaialdiak badu berezitasun nagusi bat: ekimenaren antolaketa taldea urtero aldatzen da, ikasle talde ezberdin batek hartzen baitu festibala antolatzeko ardura, eta ikasturte osoa baliatzen dute horretarako. Iazko 10. edizioa borobila izan zen, eta berri honetarako diru-sariak gizendu dituzte.

Izan ere, hiru sail izango ditu jaialdiak: Sail Ofiziala, Mondragon Unibertsitateko Ikasleen Saila eta Kutixi Saila. Lehenean lehiatzeko aukeratutako hamar film laburrek 200 euro jasoko dute aukeratuak izate hutsagatik, eta ostean, lau sari banatuko dituzte: Goiena saria, (1.000 euro), Mundukide saria (Giza Eskubideak eta Justizia Soziala egokien txertatzen dituen film laburrarentzako sari berria da, 700 euroko balioa duena), Vertigo saria (diru-laguntzarik gabe ekoitzitako eta banatutako filmarentzat, 400 euro), eta ikusleen saria (300 euro).

Mondragon Unibertsitateko ikasleen sailean, halaber, lau sari banatuko dituzte: fikziozko film onenaren saria (300 euro), dokumental onenaren saria (300 euro), argazki onenaren saria (1.500 euroan baloratutako Ogeita4 enpresaren kamera ekipamendua erabiltzeko aukera, euskarazko film labur bat egiteko), eta ikusleen saria (100 euro).

Kutixi sailean, aldiz, Basque Culinary saria (400 euro) eta ikusleen saria (100 euro) banatuko dituzte. Orotara 5.000 euro izango dira!

Deialdia zabalik

11. ediziora lanak aurkezteko epea zabaldu berri dute otsailaren 9ra arte. Oinarriak ezagutzeko, sartu HUHEZINEMA jaialdiaren atarian!