Mexikoko ahots bakartiaren bizitza

Chavela Vargas musika mexikarra abesten zuen kantari garrantzitsuena izan zen, baina askok ez dakitena zera da, bera ez zela Mexikon jaio, Costa Rican baizik. Bizimodu bakartia izan zuen Chavelak, gurasoek baztertu egin baitzuten “mutil” itxura eta portaera zituelako. Bere bizitzaren nondik norakoak jasotzen dituen dokumentala da Chavela, Catherine Gund eta Daresha Kyi zuzendari estatubatuarrek egindakoa.

Chavela-Amaia-Garcia-Zinea-03

Chavela Vargas ikur bihurtu zen abesten hasi zenean, eta garaiko lehen emakumea izan zen galtzekin taula gainera igotzen; 50eko hamarkadako gizarte mexikarrean harrabots handia sortu zuen horrek. Dokumentalean bere ibilaldiaren hasiera ikus dezakegu, baita alkoholarekin izandako harreman horren abiapuntua ere.

Benetan interesgarria da ospea nola lortu zuen ikustea, emakumeei lotutako estereotiporik bete gabe. Askok zekiten lesbiana zela, eta garai horretan oso gaizki ikusia zegoen, baina bere talentua gailendu zen. Frida Kahlo eta bestelako artistak izan zituen maitale. Dokumentalean bere ondoan egon zen pertsona oso garrantzitsu baten testigantza ere entzun dezakegu, Ninarena. Chavelarentzat alkoholismoa arazo larria bihurtu zenean, bere ondoan egon zen maitalea izan zen Nina. Berari esker alkohola uzteko gai izan zen, eta tekila bat hartu gabe taula gainera itzultzea lortu zuen. Baina Ninarekin zuen harremana amaitu egin zen ordurako.

Chavela-Amaia-Garcia-Zinea-02

Itzulera hark mundu osoan ezagun egiteko aukera eman zion Chavelari. Pedro Almodovar zinema zuzendariak ahalbidetu zuen Chavelak Madrilen kontzertua eskaintzea, eta Parisen abesteko aukera ere eman zion. Garai hartan, lesbiana izateaz sarriago mintzatzen zen publikoki, eta horrek Mexikoko eta munduko lesbianen ikur bilakatu du.

Chavela-Amaia-Garcia-Zinea-01

Chavela dokumentalak oso ondo erakutsiko digu emakumearen bizitzaren bakartasuna, eta jende asko maite izan zuen arren, min handia egin zioten, Chavelak bere buruari egin zion bezala. Haurtzarotik egon zen bakarrik, bere gurasoen etxean bizi zenetik. Emakume indartsu honen bizitza hobeto ezagutzeko dokumental aparta duzue aipatutakoa.