Zabaldu berri dute datorren urteko FANT jaialdira lanak aurkezteko epea

Maiatzaren 4tik 11ra egingo dute FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXIV. edizioa, eta lanak aurkezteko epea zabaldu berri dute martxoaren 15era arte. Gainera, Sail Ofizialeko eta Panorama Fantastikoko film luze onenek 3.500 eta 2.250 euroko sariak jasotzeko aukera izango dute aurrerantzean, eta Panorama Fantastikoko film labur onenak 1.500 euroko diru-saria izango du.

FANT-Bilbo-Deialdia-Zinea

2017ko edizioan 10.064 ikusleko langa gainditu zuen FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, aurreko urteko ikusle kopurua baino % 9 gehiago, eta datuek azken sei urteetako joerarekin bat egiten dutela azaldu zuten antolatzaileek, ikusle-kopuruak etengabe hazten jarraitzen baitu. XXIV. edizioa ere bide beretik joango delakoan daude, eta horregatik, sarien atalean, hainbat hobekuntza egitera ausartu da Bilboko Udala.

Orain arte, film laburrek hiru sari eskuratzeko aukera zuten: epaimahaiaren saria, film labur onenari; ikusleen saria, film labur onenari (3.000 euroko sariak biak); eta Euskal Herriko film labur onenaren 2.000 euroko saria. Bada, 2018tik aurrera, Panorama Fantastikoa sailean aurkeztutako film labur onenak ere 1.500 euroko garaikurra izango du.

Ez hori bakarrik: Sail Ofizialeko eta Panorama Fantastikoa saileko film luze onenaren sariak ere banatuko dituzte 2018an lehen aldiz, eta hurrenez hurren, 3.500 euroko eta 2.250 euroko balioa izango dute.

Deialdia zabalik

XXIV. edizioa maiatzaren 4tik 11ra luzatuko da, eta lanak aurkezteko epea gaur bertan, abenduak 18, zabaldu dute, martxoaren 15era arte. Deialdiaren oinarriak ezagutzeko, sartu FANT jaialdiaren atarian.