Euspot lehiaketaren 2018 deialdia martxan da

Maiatzaren 2ra arte luzatuko da 2018ko Euspot lehiaketan lanak aurkezteko deialdia. “Irudi digitala gure bizitzako harremanetan” da aurten proposatutako gaia, eta parte-hartzaileek 20-30 segundo bitarteko publizitate spot-ak sortu beharko dituzte. Euskarazko spot lehiaketaren helburua euskarazko sormena bultzatzea eta ikus-entzunezko publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea da. Hala, 7. edizioan, telebistan edo sare sozialetan zabaltzeko euskarazko ikus-entzunezko iragarkiak galdatu dituzte, norbanakoei, taldeei zein enpresa profesionalei zuzendutako lehiaketan.

Euspot-Lehiaketa-Zinea

Iragarkia ezinbestean euskaraz izan beharko da, eta gaiarekin bat egiten duen leloa jaso beharko du. Lanak Creative Commons lizentziapean aurkeztu beharko dira, eta musikak, erabiltzekotan, lizentzia librekoa izan beharko du, spotentzat propio sortutakoa edo Audionetwork-ek lehiaketarako jarritako bildumatik hartutakoa.

Parte hartzaileek maiatzaren 2an, 10:00ak baino lehen, aurkeztu beharko dute sortutako spota eta horretarako, aurretiaz, euspot.eus/parte-hartu ataleko formularioa bete beharko dute. Jarraian, ikus-entzunezko produktua interneteko Wetransfer plataformaren bidez bidali beharko dute euspotlehiaketa@arteman.eus helbidera.

Epaimahaia antolakuntza batzordeko ordezkariek osatuko dute, eta 2018ko maiatzaren 17an Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, 19:00etan, egingo dute sari banaketa ekitaldia. Epaimahaiak lau sari banatuko ditu: sportik onenak 1000 euro jasoko ditu, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenari 500 euro emango dizkiote, musika sinkronizazio onena 300 eurorekin sarituko dute, eta BHklip sariaren (14-18 urte bitarteko partaideak) irabazleek 250 euro jasoko dituzte. Horrez gain, publikoak bozka emateko aukera ere izango du maiatzaren 3tik 8ra.

Informazio gehiago eta lehiaketaren oinarriak euspot.eus atarian topatuko dituzue. Bertan, lehiaketaren oinarriak eta brief-a daude eskuragarri.