100 zinema-bono jarri ditu salgai Tabakalerak

Ba al da zinema oparitzea baino gauza hoberik? Halaxe pentsatu dute Tabakalerako eta Euskadiko Filmategiko lagunek, eta hamar film ikusteko 20 euroko 100 zinema-bono jarriko dituzte salgai Gabonetan. Promozio berezi eta mugatua izango da, eta urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra kontsumitu ahal izango da, ostegunetik igandera eskainiko dituzten emanaldietan.

Tabakalera-Bonoa-Gabonak-Zinea

Ekimen honen bidez, dagoeneko zinema-kontsumitzaileak diren ikusleak fidelizatu eta saritu nahi ditu, batetik, Tabakalerak, eta era berean, publiko berriarengana iristeko urrats bat ere badela uste dute, zinema prezio erakargarrian eskainiz. Gabonetan kultura oparitzeko modu erraz bat ere bada, azken batean.

Esan bezala, hamar film ikusteko 100 bono jarriko dituzte salgai abenduaren 20an, 9:00etan. 20 euroko prezioa izango dute, eta Tabakalerako Infopuntuan erosi ahal izango dira, agortu arte. Film bakoitzeko nahi adina sarrera erosi ahal izango dira, bonoak eskaintzen dituen hamar sarrerak agortu arte, noski. Baina abuztuaren 31n agortuko da bonoa erabiltzeko epea.