Eguberrietan zinema euskaraz gozatzeko aukera, Zinegabonak programaren eskutik

Gabon garaian zinema euskaraz gozatzeko aukera eskainiko du beste behin Zinegabonak programak. Abenduaren 26tik 31ra indartuta itzuliko da aurtengo edizioa, izan ere, sei zinema-aretotan hamahiru saio eta bi tailer antolatuko ditu Zineuskadi elkarteak EZAErekin eta EITBrekin elkarlanean, Zinema Euskaraz programaren bitartez.

zinegabonak

Abenduaren 26an, 11:30ean, Bilboko Multibox-EITB aretoan hasiko dute aurtengo Zinegabonak programa. Zinema euskaraz ikusi eta egiteko aukera izango dute haur zein gazteek. Hala, animazio-tailerra eta bikoizketa-tailerra eskainiko dituzte egunero, eta parte-hartzaileek ikus-entzunezkoen sektorean egunero erabiltzen diren teknika eta trikimailuak (besteak beste, stop-motion teknika) ikasteko aukera paregabea izango dute.

Baina aipatutako Multibox-EITB aretoaz gain, Bilboko Golem Alhondigan, Donostiako Príncipe zinemetan, Iruñeko Golem Baionan, Laudioko Top Cineman eta Urrruñako Itsas-Mendi zinema aretoan familiako kide guztientzako hamaika film proiektatuko dituzte, tartean, aurten animaziozko lan onenaren kategorian Goya saria jasotzeko hautagaia den Nur eta herensugearen tenplua film euskalduna. Euro baten truke, ondorengo filmak proiektatuko dituzte:

  • Albert (Danimarka)

  • Ballerina (Frantzia)

  • Batman Lego (AEB)

  • Laban, mamu txikia (Suedia)

  • Nur eta herensugearen tenplua (Euskal Herria)

  • Orm elurretako erresuman (Errusia)

  • Ozzy (Espainia)

  • Pan (AEB)

  • Teresa eta galtzagorri (Euskal Herria)

  • Ipotxa (Alemania)

  • Zikoinak (AEB)

Informazio gehiagorako, sartu Zineuskadi atarian.