Gipuzkoako Foru Aldundiak hauspotu duen Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategiaren aurkezpena egin dute gaur Tabakalerako patioan, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak hartu dute parte saioan. Mondragon Unibertsitateko eta Goiena Komunikazio Taldeko Amaia Pavónek eta Iban Arantzabalek, hurrenez hurren, aurkeztu dituzte laborategiaren diseinuaren eta gauzatzearen inguruko datuak.
“Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko sistemak eguneratu behar ditugu, eta etorkizuneko bide berriei erantzuteko esperimentazio aktiboa ezinbestekoa da”, adierazi du Olanok saioa irekitzeko. Gehiegi luzatu gabe, Pavoni eta Arantzabali eman die hitza, haiek baitira laborategiaren proiektua garatu duten eragileetako ordezkariak.
Sektoreko 80 enpresa, elkarte eta ekimenekin elkarrizketak egin dituztela kontatu dute, industriari pultsua hartzeko, eta horrekin batera, prozesua gidatuko zuen kontraste taldea osatu zutela lehen unetik. Pixkanaka, proiektu esperimentalak garatzen hasi ziren, eta EHUko ikerketa talde batek hamabi eta hamasei urte arteko 2.500 gazteri haien ikus-entzunezko kontsumo ohiturei buruzko galdeketa egin zien. Pixkanaka, emaitzak aztertu ahala, lehen zirriborroak kontrastatzen eta nazioarteko esperientziak ezagutzen joan ziren, azkenik, egindako lana Euskarazko Ikus-entzunezko Laborategian islatzeko.
Laborategiaren bidez marka bat martxan jartzea dute xede: 2deo. Arantzabalen hitzetan, sektoreak blindatutako proiektua da honakoa, EiTBk, EIKEN Clusterrak eta kontsultatutako eragileek bat egin dutelako egitasmoarekin, eta bost helburu lortzeko egin dute lan: euskara sustatzea ikus-entzunezkoen kontsumoa handituz, ekoizpen eredu eta formatu berriak garatzea, sektorean onurak eragitea, herritarrei ateak zabaltzea eta edukien zabalkundea indartzea.
Laborategiak izango duen itxuraren maketa ere erakutsi dute, eta besteak beste, elkarlanerako gune irekia, ikus-entzunezko edukiak editatzeko ekipo txiki baina teknologikoki modernoa, lanak proiektatzeko txokoa eta lanerako gelatxoak izango ditu. Sormenerako eta garapenerako gunea izan dadin nahi dute, proiektu berriak eta esperimentazioa bultzatzeko.
Etorkizuna Eraikiz programaren bidez bermatuko dute laborategiaren finantzaketa, baina ekoizleek ezingo dute proiektuak merkaturatzeko laguntza eske joan; horren ordez, aurrekontua proiektuak lantzeko, garatzeko… erabiliko dutela argitu du Arantzabalek.
Solasaldia
Aurkezpenaren ostean, Zupiria, Olano eta Goia igo dira taula gainera, eta Vanessa Sánchez kazetariak gidatuta, laborategiarekin lotutako hainbat zalantza argitu dituzte, zehaztapen gehiegirik gabe. Izan ere, laborategi fisikoa “datozen hiletan” prest izatea aurreikusten dutela azaldu du Olanok, “laborategia, bere horretan, dagoeneko martxan dagoen arren, proiektu esperimentalak garatzen ari garelako”.
Kudeaketa-lanei dagokienez, hiru erakundeak eta Tabakalera arduratuko dira gestioaz, baina lan horien banaketaz ez dute hitzik egin. Jarraian duzue solasaldian zehar hiru politikariek egindako adierazpenen bildumatxo bat: