Kritika: ‘The Bookshop’

The-Bookshop-Kritika-01Zuzendaria: Isabel Coixet

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia-Erresuma-Batua Alemania

Herri Txiki Infernu Handi. Izango du oinarria esaerak. Herri txikiak komunitate itxiak direlako, arau, muga, buruzagi eta tabu bereziekin modu buruaskean antolatutakoak. Horrelakoxeak dira herriak, bizi unitate txikiak, baita Hardboroug ere, kanpotik datozen guztiak eritasun autoinmunea bailitzan erasotzen baititu, gutxinaka, arrazoia zein den jakin gabe. Eta badakit herri gutiak ez direla berdinak, ezta herrikide guztiak ere, eskerrak. Baina Coixetek erakusten digun istorioan azaltzen dena horrelakoa da, erlauntz baten modukoa.

Estetikoki fina dugu zinegileak eskaintzen digun filma, plano eta argazki landuak izango ditu, ohi bezala. Argazkiak edo margolanak oroitaraziko dizkiguten planoak, eta bertan kokatuko ditu pertsonaiak, edertasun horretan, elkar eragiten. Aspaldi entzun nuen herri txiki eta polit baten inguruko esaldia, kaiola polita den arren, barruan gordetzen duen txoriarekin kontu handia izan behar dela dioena. Bai, kaiola polita erakusten digu zuzendariak, ezin politagoa, eta txoriak Hitchococken filmaren parekoak izango dira, beldurgarriak, gupidagabeak, eta lotsagabeak, hori bai, dena oso polita.

Zintak pertsonaia estereotipatuak ere erakutsiko dizkigu, manikeoak, polarizatuak, onak eta gaiztoak. Erraza izango da zeinen alde egingo dugun jakitea, eta horrek, agian, filmaren sinisgarritasuna urra zezakeen; ez du egingo, baina. Batzuetan, muturreko irudiak behar ditugulako, ongia eta gaizkia zer diren ulertzeko, eta sinpleki azaltzen diren istorioen bitartez eguneroko bizitzara ekarriko ditugun jokabideak ondorioztatzeko.

Aktoreen lana fina dela zer esanik ez, batez ere, Emily Mortimer eta Patricia Clarksonenak, historia polarizatu honetako bi muturrak, lehia titaniko honen protagonistak, tradizioaren eta modernitatearen arteko talka irudikatuz. Kontuan hartzekoa ere Honor Kneafsey txikiaren lana, aktorearena zein pertsonaiarena, bizitzan zein eredu birsortuko duen asmatu ezinik, ontasunaren antzutasunaz eta gaizkiaren eraginkortasunaz jabetu delako dagoeneko neska, bidezidorrez beteriko herrian jaio da, eta han geldituko bada, baliteke sarri erabili behar izatea.

Gehiegi eskatuko ez digun filma da Coixeten berriena, erraza da ikusten, baina atsegin handiz goza daitekeen film horietako bat ere badela esan beharra dago, usteak sendotzen laguntzen duen horietakoa. Hori bai, azkeneko hiru minutuak guztiz baliogabeak dira, horiek gabe zintak amaiera borobilagoa izango lukeela uste dut.