Lehen Euskal Herriko Rally Topa antolatuko du Euskaltzaleen Topaguneak 2018an

Euskal Herrian antolatzen diren rallyen arteko topaketa nagusia estreinatuko du Euskaltzaleen Topaguneak 2018ko abenduan, Irudienean. Urtero, herriz herri antolatzen dituzten film laburren lehiaketa guztien artean sare bat sortu nahi izan dute horrela, eta finalisten arteko finala izango da Euskal Herriko Rally Topa. Euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzari sekulako ekarpena egiten diote tokian-tokiko lehiaketok, horregatik, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten dituzten sortzaileengan fokua jartzea da xede nagusia.

Rally-Topa-Zinea

Urte osoko lehiaketa izanik, zenbat eta rally edo lehiaketa gehiagotan parte hartu, filmek aukera gehiago izango dute Rally Topara heltzeko. Izan ere, tokian-tokiko lehiaketak egin ahala, antolatzaileak 2018ko abenduko final handirako zein film sailkatu diren iragartzen joango dira. Hala ere, Rally Topan parte hartu nahi duten film laburrek ezaugarri komunak dituzten lehiaketetatik etorritakoak izan beharko dute: 12-48 orduko tartean, gai /leku /objektu bat oinarri izanda egindako euskarazko film laburrak, eta aurkeztutako lehiaketan finalera heldutakoak.

Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunean, Irudienean, egingo duten ekitaldi berezian finalista guztien lanak proiektatuko dituzte, eta epaimahai batek erabakiko ditu irabazleak nortzuk diren. Euskal Herriko film labur onenaren izendapenaz gain, saria ere jasoko dute: 300 euro eta sorpresa berezi bana. Bestetik, proiektatutako lan guztien artean publikoaren saria banatuko dute, eta irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Euskaltzaleen Topagunea egutegi bat osatzen hasi da urtean zehar egiten dituzten lehiaketa guztiekin, horregatik, herritarrei dei egin diete beharrezko baldintzak betetzen dituzten film laburren lehiaketen berri eman diezaieten. Horretarako kultura@topagunea.eus helbidera email bat idatzi besterik ez da egin behar!

Informazio gehiago behar izanez gero, sartu Euskaltzaleen Topagunearen webgunean.