Abenduan aurrera, beste urte bat bukatzear da. Eta garai honetan ohikoa izaten da hamabi hilabeteotan zinema aretoetan (azken bolada honetan, baita Netflixen ere) ikusgai izan ditugun filmak gogoratzen hastea. Zein izan da gehien gustatu zaiguna? Zerk utzi gaitu zur eta lur? Gisa horretako galderaz betetzen zaigu burua, baina beharbada ikusitako film asko ahaztuta izango ditugu jada… Lasai, aurten ere zinema-aldizkari espezializatuek urteko ekoizpen onenen zerrendak plazaratuko baitituzte, besteak beste Cahiers du Cinéma eta Sight & Sound aldizkariek. Argitalpenok zinemaren historian eragin handia izan dute (eta izaten jarraitzen dute), izan ere, zinemagintza berrien oinarrizko giltzarri bilakatu ziren, eta hausnarketa kritiko-teorikoz bete zituzten orrialdeak. Horregatik, urteko film onenenen zerrenda osatzea aldizkari horien esku utziko dut, eta haien garrantziaz eta ekarpen historikoaz mintzatuko naiz.

Askotan ahaztu egiten zaigu zinema ikus-entzunezko produktu soil batetik haratago mugitzen dela. Gainerako arteetan bezala, kritika eta hausnarketa teorikoen beharra ezinbestekoa da artelanen balioa eta ekarpenak ulertzeko. Hala uste zuen Ernest Gombrich arte historialariak; bere hitzetan, kritikarik gabe Artearen Historia daten eta artelanen zerrenda hutsa besterik ez litzateke, horregatik, “lan horiek elkarrekin harremanetan jartzea ezinbestekoa da”.

ZINEMA ARTEA AL DA?

7artsKritika zinematografikoaren oinarriak 10eko eta 20ko hamarkadetako egunkarietan aurki daitezke. Manifestu kulturalen garaia izanik, literaturan, musikan, pinturan… abangoardia estetikoak  puri-purian zeuden, eta testu teoriko eta aldarrikatzaileek gora egin zuten. Horien artean, zinemari zuzen-zuzenean eragin zion Ricciotto Canudo dramaturgo eta kazetari italiarraren Manifeste des Sept Arts manifestua dago. 1911n, zinemak hamabost urte ere ez zituenean, zinema artea zela aldarrikatu zuen Canudok, nahiz eta urte dezente igaro behar izan ziren, besteak beste, pinturaren, eskulturaren, literaturaren, musikaren edota arkitekturaren maila berean zegoela onartzeko. Italiarraren testuak zinemaren balio artistikoa eta hizkuntza propio baten kontzeptua nabarmendu zituen. Hau da, zinema arte total gisa ikusten zuen, gainerako arteak beregain biltzen zituena. Bide berbera jarraituz, Manifesto della Cinematografia futurista (Filippo Tomasso Marinetti, Bruno Corra, Emilio Settimeli, Arnaldo Ginna, Giacomo Balla eta Remo Chiti, 1916) eta Vladimir Maiakovskiren Poema-manifesto (Kino-Fot, 1922) manifestuek zinema etorkizuneko arte gisa bataiatu zuten, antzerkigintzatik aldenduz.

Garai haietan, kritika zinematografikoaren lehen urratsak baino ez ziren sumatzen. Louis Delluck idazle frantziarra egunkari informatiboetan zutabe bana idazten hasi zen egunero, baina ezin da gerora eztanda egingo zuen praktika kritikoaren parte dela esan, Andre Bazinen figura zinemagintzaren alderdi kritikora hurbildu ziren gutxi batzuen artean koka daitekeen arren. 40ko hamarkadan, ordea, bereziki Europa astindu zuen Bigarren Mundu Gerraren eraginpean, Italiako errealismo berriak eta Hollywooden goraldia izan zuen zinema beltzak ikuspuntua aldatu zien Frantziako idazle, kazetari edota intelektualei, eta hala, pixkanaka, hausnarketari bidea zabalduko zioten aldizkari espezializatuak kaleratzen hasi ziren. 50eko hamarkadan, zinema kritikari funtsezkoenen artean koka daitezkeen Bazin, Rohmer eta Truffauten testuak azaldu ziren Arts eta La Revue du cinéma aldizkarietan. Alexandre Astruc teorikoak ere garrantzia handiko artikulu bat idatzi zuen: La camèra-stylo (L’Écran française, 30. zk, 1948ko martxoa). Bertan, eszenaratzearen garrantzia nabarmendu zuen, filmaren zentzua erabilitako hizkuntzan eta idazketan zegoela aldarrikatuz.

Baina norbait azpimarratzekotan, kritika zinematografikoan eragin izugarria izan zuen eta eskola iraunkorra sortu zuen Andre Bazin frantziarra aipatu behar dugu. Katoliko progresistatzat zuen bere burua, eta marxismo intelektualen alorrean mugitzen zen. 60ko hamarkadako zinema berriek oinarritzat hartu zituzten zenbait kontzeptu teorikoren aita kontsidera daiteke, izan ere, bere lan teoriko eta kritikoak bide berriak zabaldu zizkion zinemari. Berak, ordea, ez zuen libururik inoiz idatzi. Gerraostean kaleratu zituen teoria guztiak bere kritiketatik eratorri dira, bere oinordekoek batu eta liburu gisa editatu baitzituzten. Bazin 1959an hil zen, oso gazterik, bere oinordekotzat har daitekeen Nouvelle Vague mugimendu zinematografikoari hasiera eman zion Les 400 Coups (François Truffaut) filma errodatzen hasi aurretik.

Bere ekarpenik handienak eszenaratzearen teoria eta autoreen politika dira, 1951ko apirilaren 1az geroztik erreferentzia bilakatu den Cahiers du Cinéma aldizkari espezializatuan  luze jorratu eta birdefinitu zituenak.

CAHIERS DU CINÉMA ETA ANDRE BAZIN: AUTORE POLITIKAREN GIDARIAK

cdc1Frantziar zinemaren berpizkundean eta zinema berrien oinarrian dagoen aldizkaria da, Nouvelle Vague mugimendua osatu zuten zinemagileak hezi eta babestu zituena. Andre Bazinen eraginpean, Eric Rohmerek, François Truffautek, Jean-Luc Godardek, Jaques Rivettek eta Claude Chabrolek, zinema “arte kolektiboa” zela zioen konbentzio klasikoarekin hausteko asmotan, gogor ekin zioten zinemagilearen figura goraipatzeari.

Truffautek A Certain tendence du cinéma francais (Cahiers du Cinéma, 31. zk, 1954ko urtarrila) artikuluan garaiko zinema frantses burgesa kritikatu zuen, cinéma de qualité etiketapean sortutako ekoizpenak gidoigileen zinema besterik ez zirela nabarmenduz. Hala, zinema zuzendariaren garrantzia aldarrikatu zuen, eszenaratzearen bidez, izaera propioa erakusten zuten frantziar zinegileen defentsa eginez: Jean Renoir, Jacques Tati, Robert Bresson, Jean Cocteau, Max Ophüls, Jean-Pierre Melville eta Jacques Becker. Horrez gain, aldizkariko kritikariek Hollywoodera jo zuten eredu berrien bila: Howard Hawks, Alfred Hitchcock, John Ford, Otto Preminger, Samuel Fuller, Fritz Lang, Raoul Walsh, Vincente Minelli eta beste batzuen filmak goraipatu zituzten.

Cahiers du Cinémako kritikariek testu eta erreportaje luze eta sakonak eskaini zizkieten aipatutako zinemagileei, eta aipagarria da Chabrol eta Rohmer izan zirela Hitchcocken balioa (autore gisa) nabarmentzen lehenak. Kritikari frantsesek zinemagile ingelesaren unibertsoa bere idazkera definitu eta propioaren oinordekoa zela argudiatu zuten beren testuetan. Gerora, Truffautek mundu osoan ezagun bilakatuko zen El cine según Hitchcock (1966) elkarrizketa-liburua idatzi zuen. Guztiz gomendagarria da, halaber, Jaques Rivettek Rosselliniren inguruan kaleratutako Carta sobre Rossellini (Cahiers du Cinéma, 46. zk, 1955eko apirila) artikulua edota Andre Bazinek zuzendari frantziarrari eskainitako Jean Renoir (1971) testu-bilduma.

Baina laster piztu zen eztabaida, izan ere, Bazinek berak aldizkariko bere kolaboratzaileen kontra egin zuen, uste baitzuen ezin zitekeela edonor autore izendatu. De la política de los autores (Cahiers du Cinéma, 70. zk, 1957ko apirila) testuan, besteak beste, Truffaut eta Godard salatu zituen Hawks, Minelli, Ford, Hitchcock… berak ikaragarri miresten zituen Renoiren eta Rosselliniren parean jarri zituztelako. Autoreen politikari buruzko testuak biltzen dituen La política de los autores (Jean Renoir, Roberto Rosellini, Fritz Lang, H.Hawks, Alfred Hitchcock, L. Buñuel, O. Welles, C. Dreyer, R. Bresson, M. Antonioni) erreferentziazko liburua guztiz gomendagarria Revista Positif rive gaucheda.

Hala ere, ezin da Cahiers du Cinéma Frantziako aldizkari bakartzat jo, izan ere, garai hartan, alderdi komunistaren babespean, Positif (1952) aldizkariak aurre egin nahi izan zion. Alain Resnais, Agnes Varda, Jacques Demy, Jacques Rozier eta Alain Robbe-Grillet, besteak beste, kritikariak hasi ziren bertan idazten. Filmen zuzendaritzara pasa ziren berehala. Positifek Cahiersek defendatzen zituen zuzendari eta autoreak gorrotatzen zituen, irizpide propioak nabarmenduz. Horregatik, aldizkariaren ideologia eta planteamendu teoriko guztiak argi eta garbi azaldu zituzten Le noi est nu (Positif, 46.zk, 1962ko ekaina) artikuluan, Cahiers aldizkariko kritikariak eta, bereziki, Godard faxistatzat joz.

Bi aldizkarien arteko eztabaida teoriko-politikoak hasiera Frantzian izan bazuen ere, mundu osora zabaldu zen. Hala, Italian, Erresuma Batuan, Espainian, AEBetan… aldizkari batera edo bestera hurbildu ziren kritikariak. Beraz, kritika modernoaren erreferentziazko abiapuntua Frantzian koka daitekeela esan genezake.