Zinegile, idazle, kirolari, kritikari, musikari eta abarren film gustukoenak ezagutzeko aukera eskaintzen du Euskadiko Filmategiak orain bi urte inguru abiatu zuen zikloak, eta aste honetan bertan José Luis Rebordinosen eta El Gran Wyomingen filmak proiektatuko dituzte Tabakaleran. Emanaldiak ostegunean eta ostiralean egingo dituzte, eta larunbatean Wyoming & Los Insolventes taldeak kontzertua eskainiko du.
Donostia Zinemaldiko zuzendariak Tokyo Decadence (Ryû Murakami, 1992) film japoniarra aukeratu du datorren ostegunean, abenduak 14, Tabakaleran eskaintzeko. Filmeko protagonista Ai da, 22 urteko emanagaldu ederra. Bezero aberats eta boteretsuen fantasiak asetzea da bere egitekoa, baina ez da zoriontsua, eta beste lan bat bilatu nahiko du Sudohen arreta erakartzeko.
Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta Rebordinosek berak egingo du aurkezpena, aukeraketaren arrazoiak azaltzeko. Sarrera 3,5 euroan izango da eskuragai.
Ostiralean, abenduak 15, aldiz, El Gran Wyomingen txanda izango da. Luis García Berlanga zinegileak 1963an aurkeztu zuen El verdugo da telebistako aurkezle, aktore, idazle eta musikari madrildarraren film gustukoena. Bere maitearekin egoteko, honen aitaren borrero postua oinordetzan hartzea onartuko duen José Luisen istorioa kontatuko du filmak.
El Gran Wyoming bera emanaldira etorriko da filma aurkeztera, eta Donostiara egindako bidaia aprobetxatuz, larunbatean, abenduak 15, Wyoming & Los Insolventes taldearekin kontzertua eskainiko du Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan. Sarrerak 12 euroan izango dira eskuragai, eta kontzertua 20:00etan abiatuko dute.