Nor da Carla Simon eta zergatik da ‘Estiu 1993’ urteko filma?

Abendua. Urteko film onenen errepasoa egiten hasi, eta kosta egiten zait Katalunian jaio den Estiu 1993 filmak utzi didan arrasto berbera beste ekoizpenetan topatzea. Lan honen atzean, 1986an jaio zen Carla Simon dugu. Universitat Autònoma de Barcelonan Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen emakumearen izena bolo-bolo dabil nazioartean filma estreinatu zenetik. Sei urte zituela, HIES gaitzak bere gurasoak eraman zituen, eta Gironako Ampurdán herrira joan behar izan zuen bizitzera osaba-izebekin eta lehengusina txikiarekin. Hori izan zen filmaren istorioa aurrera eramateko “sekretu” nagusia: bihotzetik, arimatik irtendako eta lehen pertsonan bizitako esperientzia bat.

Carla-Simon-Estiu1993-Zinea-04

Azter dezagun, beraz, zeresan ikaragarria ematen ari den ekoizpen zoragarria. Ahozabalik uzteko moduko lana egin duen Laia Artigas hasiberriak Frida izeneko pertsonaia gorpuztu du. Urte batzuk lehenago aita eraman zion birus berberak –filmean ez dute gehiago zehaztuko, baina birusa zein den aski nabarmena izango da–, amaren bizitza betiko itzaliko du oraingoan. Une horretatik aurrera, Carla Simonen kamera Fridaren ikuspuntuan kokatuko da, eta ondorengo hilen testigu bilakatuko gaitu. Bertan egongo bagina bezala sentituko ditugu ezkutuko elkarrizketak, egunsentiko purrustadak, ulermen keinuak, arbuioak edo haur-parkean gertatzen den sekuentzia ahaztezina. Ezohiko sentikortasun maila batetik, larritasuna, barrea eta negarra eragingo dizkigu filmak. Haurtzaro gogor horren erradiografia egiteko, gainera, ez da sentimentalismo errazean eroriko, zinemaren hizkuntzak eskaintzen dituen erreminta guztiak modu sotil eta oso eraginkorrean erabiliko ditu zinegileak. Planoen egitura perfektu batekin jolastuz eta Victor Erice handiaren pintzelkadak dituen argiztapen naturala erabiliz, Frida garela sentituko dugu batzuetan. Bestetan, aldiz, bere familia berria. Ama, aita, ahizpa txiki ahaztezin hori. Ez dago manikeismorako tokirik, tragedia batetik loratutako eta giza-harremanek eskaintzen diguten konplexutasunerako bai, ordea.

Carla-Simon-Estiu1993-Zinea-03

Telefonoaren sekuentzia latza, adibidez. Sinplea dirudi, bai, inuzentea, baina pertsonaia nagusiaren barnean inflexio puntu bat markatuko du. Bi ume, telefonoarekin jolasean, galdu berri duen amaren etxera deika. Tonu bat, bi, hiru… bost… Telefonoaren beste aldean ez dago inor. Sei urteko ume horrek ez du erantzunik jasoko. Tonuak isiltasunean galduko dira; baina neskak ez du telefonoa askatuko. Hitzik ez, negarrik ez, keinu txiki bat soilik, baina une horretatik aurrera Frida beste ume bat izango da. Haur berbera, baina errealitateaz geroz eta kontzienteago den haurra. Ez ditu gurasoak berriro ikusiko, eta Bartzelonan zuen bizimodua betiko amaitu da.

Victor Erice aipatu dut. Baina ez estetika natural horregatik bakarrik, edo protagonista baserri-girora moldatu beharko delako; 1973ko El espíritu de la colmena filmaren pintzelkadak dituen kontaketa zoragarria keinu txikiz osaturiko maisulan bat delako baizik. Eta bereziki, Ericeren lanetan bezala, esaldi txikiz osaturiko egoera xumeek hausnarketa erraldoiak eragiten dituztelako. Gauza garrantzitsu guztiak ez dira hitzez esango. Ikusleak interprestatu egingo ditu, aipaturiko tresna zinematografikoen batuketa eginez: “heldu” izatera jolasten duten umeak; basoan ezkutaketan jolasten ariko diren une beldurgarria; bigarren planoan ikusten den koltxoia; ama “berriaren” begiradak; aitona-amonak kotxean doazen unea; eta batez ere, amaiera. A ze amaiera! Familiarteko jolas batekin hasiko den eta oilo-ipurdia jarriko digun une horretara arte. Berriro ere, hitzik erabili gabe, sentimenduen eztanda. Laia Artigas ikaragarri, sekuentzia horrek eskatzen duen maila aise gaindituz. Aurreko bizitza batean aktore gisa hogei urtez lan egin izan balu bezala. Pantaila belztu eta 96 minutuak pasa direla ohartu naizenean, zinemaren lurrinak airean jarraitzen zuela sumatu dut, eta hori, egun, gauza zoragarria da.

Carla-Simon-Estiu1993-Zinea-02

Lipstick, Las pequeñas cosas eta Estiu 1993 lanak aztertuz gero, familiaren gaia ardatz nagusitzat erabiltzen duela konturatuko zarete, baina ez hori bakarrik, haurtzaroko gabezia hori ere erraz antzeman baitaiteke. Kasu honetan, dena den, 2013ko Lipstick laburra aipatu nahiko nuke. Bi umek amona hilda nola aurkituko duten kontatuko du. Interesgarria iruditzen zait lan hau aipatzea, Estiu 1993 filmaren jatorria izan litekelako. Zuzendariak behin baina gehiagotan esan du: “Garai hartan zinema-eskolarako egunkari moduko bat idazten ari zintzen, eta aitona hil zela jakin nuen. Une hartan konturatu nintzen, guzti hori kontatu ahal izateko, lehenik, nire familia berriarekin izan nituen lehen hilabete horiek aipatzea ezinbestekoa zela; orduan hasi nintzen idazten. Eskolan beti esaten zidaten esaldi bat etorri zitzaidan gogora: ezagutzen duzun zerbaiti buruz idatzi”. Esan liteke, beraz, aitonaren heriotzaren ostean izan zuen “flash” hark bultzatu zuela azken lan honen gidoia idaztera.

Carla-Simon-Filmografia-Zinea-01

Filmografia

  • 2017 – Estiu 1993
  • 2014 – Las pequeñas cosas (film laburra)
  • 2013 – Lipstick (film laburra)
  • 2012 – Born Positive (film laburra)
  • 2009 – Women (esperimentala)
  • 2009 – Lovers (bideo-olerkia)

Carla Simon eta Estiu 1993, ez ahaztu izen horiek.