Lara Izagirre (Zornotza, 1985) gidoilari, zinegile eta ekoizleak, Gariza Films ekoiztetxearen bidez, Paul Urkijoren Errementari film fantastikoa koproduzitu du Kinoskopik eta Ikusgarri Films euskal ekoiztetxeekin batera. Lehen aldia izan da film baten koprodukzioan jarduten dutena, eta plazer bat izan dela aitortu du. 

Ekoizpen etxean jarduten duen lantaldea egonkor mantentzeko asmoz hasi ziren kanpotik iristen zitzaizkien proiektuak ekoizten, eta dagoeneko bigarren batekin ausartu dira: errodatzen amaitu berri duten Victor Cabacoren Vitoria, 3 de marzo fikziozko filma. 1976an jazotako gertaera lazgarriak ditu hizpide, eta gertakarien inguruan egiten den fikziozko lehen filma izango da: “Gidoia irakurri genuenean, kontatu beharreko historia bat zela pentsatu genuen. Atzean dagoen taldea oso inplikatuta dago, ez soilik ekoizpen mailan, baita maila emazionalean ere”.

Baina ez pentsa besteen proiektuak ekoiztera soilik mugatzen direnik: iaz Eusko Jaurlaritzaren gidoien garapenerako laguntza jaso zuen Izagirrek Ane eta Peru. Maitasun istorio bat piper artean  (behin-behineko izenburua da) proiektuaren lehen zirriborroa idazteko, eta 2018 urte osoa aurre-produkzioa osatzeko erabiliko dutela kontatu digu. Un otoño sin Berlín bere lehen filmarekin alderatuta, pelikula alaiagoa eta umoretsuagoa izango dela azaldu digu, baina oinarrian, eguneroko bizitzako istorio bat duela, horiexek baitira berari interesatzen zaizkionak.

Jarraian dituzue zornotzarrak kontatutakoak: