“Diskurtso berriak, eztabaida puntu ezezagunak ekarri izanak ematen dio balioa gure zinemagintzari”. Iratxe Fresneda kazetari, ikerlari, irakasle eta zinegilearen adierazpena izan zen euskal zinemagintzaren egoera, ezaugarriak eta lorpenak pixkanaka harilkatzeko abiapuntua, eta ondorengo ordu eta erdian, dozena bat gogoeta eta ikuspegi partekatu zituzten Santi Leoné, Angel Aldarondo, Amaia Serrulla, Zigor Etxebeste eta Fresnedak berak.

Ezkerretik eskuinera, Zigor Etxebeste, Iratxe Fresneda, Maialen Goñi, Amaia Serrulla, Santi Leoné eta Angel Aldarondo.
Euskal zinemagintzaren inguruan ardazten diren Zinea eta Ganbara proiektuek antolatutako ‘Handia’ efektua: zerk mugitzen gaitu? maha-ingurua iragan ostiralean, abenduak 8, gauzatu genuen Durangoko Azokako Irudienea gunean, 11:00etatik 12:30era. Gaiarekiko interesa zuten dozenaka lagun sartu ziren aretora, industriako profesionalak zein zinezaleak, baita kazetariak ere. Talde osoaren partetik, eskerrik asko gonbidatu eta ikus-entzuleei, urteroko zita indartzen eta egonkortzen laguntzeagatik.
Saioa abiatzeko, azken urteetako hainbat euskal film zerrendatu genizkien gonbidatuei, eta haietako pare bat aukeratzeko eskatu, beren iritzia emateko eta ikuspegi hori zerk baldintzatu duen jakiteko: “Ezinezkoa da euskal film bat aukeratzea, kontuan edukita bakoitzak bere esparruan egin duen ekarpena. Aberatsak gara zentzu horretan”, adierazi zuen Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kide Serrullak. Euskal gaien unibertsaltasuna agerian jarri zuen jarraian zineman aditua eta aritua den Aldarondok, eta Loreak filmaren arrakastak Handia proiektuari bideak ireki dizkiola nabarmendu zuen. “Handia filmak, dena den, interes horri oso maila onean erantzun dio”.
Filmak izandako 90.000tik gora ikusleen inguruan galdetutakoan, militantzia kontzeptua baztertu beharra dagoela esan zuen Leoné historialari eta zinezaleak. “Faktorea kalitatean dago. Forma ikaragarri landua dago. Eta asmatu dute mezua zabaltzeko diskurtsoa hautatzera orduan. Ederra da”. Etxebesteren aburuz, ostera, kalitatea eta kritika onaren konbinazioa izan dira harrera beroaren arrazoi nagusiak: “Prestigioa sortu da”.
Zer da arrakasta euskal film batentzat?, galdegin genien orduan. “Zaila da hori neurtzea. Arrakasta izan daiteke zinema areto batean pantailaratua izateko aukera edukitzea, adibidez”, erantzun zuen Aldarondok. “Oso kontzeptu subjektiboa da”, Etxebestek, “Arrakasta da baita ere langa ezezagunak gainditu eta ate berriak ireki ditugula jakitea”.
Euskal zinema babesteko, halaber, laguntza puntualak banatzetik haratago, sare oso bat garatzeko beharra nabarmendu zuen Fresnedak, ekoizpenaz gainera, banaketa eta zabalkundea indartuko dituen. Eta horren ostean, zinemaren kontsumo ohiturez mintzatu ziren solaskideak: “Hezkuntza bat sortu beharra dago, gazteengan zinea pantaila handian ikustearen plazera indartuko duena”, gehitu zuen Fresnedak. Leonéren hitzetan, ostera, zinema eredu bat goraipatzeak beste eredu batzuk kaltetu ditzake, eta “DVDak etxean goxo ikustearen aldekoa” dela kontatu zuen. Etxebestek, ostera, “Zerbait egin beharra dago zinema aretotik ateratzean, kalean, topatuko ditugun gazte horiek mundu honetara erakartzeko”, ondorioztatu zuen.
Berehala igaro ziren Topaguneako kideek gorde ziguten 90 minutuko tartea, eta solasaldiarekin aretotik kanpo jarraitu behar izan genuen. Jarraian dituzue saioan zehar Twitterren jasotako aipurik interesgarrienak:
Jarraian duzue, halaber, saioaren laburpen-bideoa: