Musika dokumentalei eskainitako Donostiako jaialdi ezagunak datorren urteko kartela argitaratu du edizio berrirako hilabete eskas falta den honetan. Ohi bezala, Primo Estudioko Jorge Elóseguik osatu du irudia, baina oraingoan musikaren erritmoa eta mugimendua islatu nahi izan ditu. Edizio berriak hainbat berrikuntza izango ditu, tartean, Musika, irudi eraikitzaile mintegia.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Elias Querejeta Zine Eskolarekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Donostiako Sustapenarekin elkarlanean, Dock of the Bay jaialdiak urrats bat egingo du aurrera, eta zinema dokumentalaren inguruan gogoeta egiteko Musika, irudi eraikitzaile mintegia antolatuko du jaialdiak irauten duen egunetan. Hainbat aditu gonbidatuko dituzte bertara, hala nola, Desiré de Fez zinema kritikaria, Jero Rodríguez TVEko Cachitos de Hierro y Cromo saioaren zuzendaria, Álvaro Granda Ferrer Reykjavik606 taldeko kidea, Fernando Golvano artean aditua eta Shaila García Catalán zineman aditua.
Musikaren bidez, narrazioa eraikitzeko sortzen diren aukera ezbedinen inguruan hitz egingo dute, Aaron Rodriguez Serranok gidatutako saioetan. Oraindik ez dute tailerraren egitaraua kaleratu, ezta jaialdian eskainiko dituzten dokumentalen zerrenda ere, baina ohiko atalez gain, festibalak hainbat berrikuntza izango dituela aurreratu dute.
Era berean, edizio berriaren irudia eman dute ezagutzera. Elósegui izan da, beste behin, kartelaren diseinatzailea. Bere hitzetan, irudiaren eta soinuaren arteko harremana islatu beharrean, mugimendua eta erritmoa izan ditu helburu aurtengoan, eta horretarako, informazioa irakurtzeko burua alde batetik bestera mugiaraziko diguten elementuz josi du kartel koloretsua.
Informazio osagarria, jaialdiaren atarian.