Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia filma EGEDA Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak banatutako Jose María Jorqué saria eskuratzeko hautagaia da, fikziozko edo animaziozko film onenaren kategorian eta Hezkuntza Balioen Zinema kategorian. Sari-banaketa ekitaldia urtarrilaren 13an egingo dute.

Handia-Kritika-02

90.000tik gora ikusle lortu ditu asteburuan Handia filmak, eta horrekin batera heldu da Forqué sarietarako hautagaitza. Lorpen ederra da, euskarazko film bat proposatzen duten aurreneko aldia baita, eta filmaren lantaldea pozik azaldu da albistearekin. Izan ere, zinagintzaren industriak banatzen duen garaikurra da, filmen alderdi tekniko eta artistikoak kontuan hartuta, eta Handia bi kategoriatan da hautagaia: fikziozko edo animaziozko film onenaren kategorian, eta Hezkuntza Balioen Zinema kategorian.

Lehenengoan, lau lehiakide izango ditu: Pablo Bergerren Abracadabra komedia, Manuel Martín Cuencak Donostia Zinemaldian estreinatu zuen El autor drama, Isabel Coixeten La librería egokitzapena, eta urteko film onenen artean kokatu duten Estiu 1993 katalana.

Bigarren kategorian, aldiz, Julio Soto Gúrpideren Deep animaziozko filmarekin eta Paco Arangok iaz aurkeztu zuen Lo que de verdad importa dramarekin lehiatuko da.

Sari-banaketa ekitaldia urtarrilaren 13an, larunbata, egingo dute Zaragozako Palacio de Congresos eraikinean.