‘Pantaila, bizitza eta idazketa’ zikloa antolatuko dute Nafarroako Filmotekan

Pantaila, bizitza eta idazketa zikloa egingo dute abenduaren 15etik 29ra Nafarroako Filmotekan. Zinema eta literatura uztartzen dituzten proiektuak eskainiko dituzte ostiraletan, 20:00etan, eta filmetan azaldutako idazleak eta obrak gertutik ezagutzeko aukera eskainiko diete ikusleei, haien lanbideetan eta bizitzetan sakonduz. Zuzendari bakoitzak bere filmaren aurkezpena egingo du, eta ostean, solasaldia Nafarroako liburutegi Nagusian.

Abenduaren 15ean, La maniobra de Heimlich (Manolo Vazquez, 2013) filmak emango dio hasiera zikloari. Alex Pareja idazleari buruzko dokumental faltsua da, komedia satirikoan bilakatuko dena. Parejak eleberri homonimoarekin arrakasta lortu bazuen ere, filmaren abiapuntua bere emaztearen heriotza izango da. Bere aldetik, Manolo Vazquez zuzendaria Manuel Vazquez komikigile ospetsuaren semea da, eta bere lehen ekoizpenean literatura lan bat zinemara egokitzeko prozesuaren xehetasunak azalduko ditu, tonu ironikoan literatura munduaren erretratu umoretsua eginez.

Jose Ovejerok eta Edurne Portelak, abenduaren 22an, gaztelaniaz idazten duten idazle garrantzitsuenen hausnarketak biltzen dituen Vida y ficción (2017) dokumentala aurkeztuko dute. Besteak beste, Rosa Montero, Marta Sanz, Antonio Orejudo, Juan Gabriel Vasquez, Luisge Martin eta Cristina Fernandez Cubasekin izan dira. Idazle bakoitzaren interes eta obsesioak jorratuko ditu dokumentalak: idazketari ematen dioten garrantziaa, literaturaren pisua mundu garaikidean…

Azkenik, zikloari amaiera emateko, The Seasons in Quincy. Four Portraits of John Berger (Bartek Dziadosz, Colin MacCabe, Christopher Roth eta Tilda Swinton) filmak John Berger idazle eta pentsalari britainiarraren erretratua egingo du. Zinegile bakoitzak film bat zuzendu du, eta laurek osatu dute proiektua. Quincyko urte sasoien erritmoan kokatuko du ekoizpenak Berger, eta filmaren zati bakoitzak bere bizitzaren eta obraren ikuspegi ezberdin bati helduko dio.

Sarrerak 3 euroan eskura daitezke, eta hamar emanaldirako eskaintzak 20 euro balio ditu. Nafarroako Filmotekaren leihatilan (saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago) edota webgunean eros daitezke. Informazio gehiago Nafarroako Filmotekaren atarian.