Zineuskadi elkarteak haur eta gazteentzako tailerrak eta emanaldiak antolatu ohi ditu urtero Durangoko Azokako Irudienea gunean, eta aurtengoan ere halaxe egin dute. Hilaren 7a, osteguna, ikasleen eguna ospatuko dutela probestuz, marrazki bizidun eta bikoizketa tailerrak egingo dituzte goiz eta arratsaldez, eta Azokak irauten duen bitartean, hiru emanaldi programatu dituzte.

Goizeko 10:00etan hasi eta 14:30ak arte, marrazki bizidunak nola egiten diren ikasteko aukera izango dute hiru ikasle taldeak EHUko Arte Ederren Fakultatearen eta Zineuskadiren laguntzarekin. Abenduaren 7an izango da hori, Durangoko Azokako Irudienea gunean, eta arratsaldean, 16:30etik 18:00etara eta 18:30etik 20:00etara, bikoizketa tailerra eskainiko dute Mixer Ikus-entzunezko Zerbitzuak eta Zineuskadik. Iragan urteetan arrakasta handia izan dute ekimenok, eta gaztetxoek gustura ikasi dituzte ikus-entzunezko ekoizpenean erabiltzen diren teknika eta trikimailuak.

Ikastaroez gain, dena den, hiru emanaldi ere prestatu ditu elkarteak gurasoekin Durangoko Azokara hurbiltzen diren gaztetxoen gozamenerako:

  • Abenduaren 9an, larunbata, 15:30etik 16:30era Laban, mamu txikia. A ze beldurra! (Alicja Jaworski, Alicia Björk, Karin Nilsson, Lasse Persson, Per Åhlin, 2006) adin guztietako haurtxoentzako filma izango da ikusgai, 45 minutuko iraupena duen lana.
  • Abenduaren 10ean, igandea, 15:30etik aurrera, baita ere, Printze Txikia (Mark Osborne, 2015) film arrakastatsua eskainiko dute.