Atrapados-por-la-serpiente-01

Diego Urrutxi produktoreak aipatu zidanean Josetxo Anitua eta Jon Zamarripari buruzko dokumental bat filmatzen ari zirela, ideia zoragarria iruditu zitzaidan.

Izan ere, biak ala biak ibiliak ziren 80ko hamarkadan gehien gustatzen zitzaizkidan Euskal Herriko taldeetako batzuetan. Jon Zamarripa, Los Extraños laukotean. Gogoan dut oraindik nola, hamarkadaren erdialdera-edo, Pablo Cabezak Alguien te está escuchando gaueko irratsaioan etengabe programatzen zuen haien Eres irreal. Abesti hark txoratu egiten ninduen.

Bestetik, Josetxo zegoen.  Jugos de Otros eta La Tercera en Discordian aritutakoa. Eibarkoa, baina sarritan Bilbon zebilena, betiere lotsor eta misteriotsu. Biak talde bat osatzeko batu berriak zirela entzun nuenean banekien talde hori interesatu egingo zitzaidana.

Atrapados-por-la-serpiente-02

Berezi-bereziak ziren biak. Jon, batzuen iritziz munduko gitarra jolerik onena zen. Zalantzarik gabe, nire ustez ere zerbait bestelakoa, itzela zuen tresnari eragiten zionean. Oroitzen dut Gauekon, etxekoen aurrean beraz, egin zuten taldearen aurkezpeneko kontzertu hura; eta nola Jonek gozatu zuen hariei eta pedalei doinuak ateratzen. Josetxok, aldiz, nik maite nituen kantari berberak zituen gogoko: David Bowie, Lou Reed, Nick Cave, Iggy Pop… eta haien moduan jardun zuen gau hartan ere.

Atrapados-por-la-serpiente-03

Komentatua zen haren begirada sarkorra abestean eta ikaragarria zen haren eraldaketa oholtza gainera igotzen zenean, edo hobeto esanda, kantatzeari ekiten zionean, entseguetan ere berdin-berdin aritzen omen zelako. Azkenean, denok dakigunez, gauzak zeharo bihurritu ziren bi-bientzat.

Hori hori guztia —eta askoz gehiago— dokumentatu dute Ibon Ibarluzeak eta Alvaro Fierrok Atrapados por la serpiente film txalogarri honetan. Baina hori guztia jakiteko, filma ikustea da onena, noski.