Zineuskadi elkarteak  Zinema Euskaraz programaren balorazio-batzordearen 3. ebazpena kaleratu du, eta datozen hiletan euskaraz estreinatuko dituzten hiru filmen berri eman du: Sing Street (John Carney, 2916), Early Man (Nick Park, 2018) eta Maya the Bee, The Honey Games (Alexs Stadermann eta Noel Cleary, 2018).

Haur eta gazteentzako euskarazko gutxienezko zinema-eskaintza bermatzea du helburu Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programak, eta urtean dozena bat film inguru euskaraz bikoiztuta estreinatzen dituzte Euskal Herriko zenbait zinema aretotan.

Bada, datozen hiletan hiru izango dira euskarara ekarrita gurean estreinatuko dituzten lanak:

  • Sing Street

Nerabeei zuzendutako musika giroko komedia dramatikoa aurkeztu zuen 2016an John Carney zinegile irlandarrak. Filmak 1980ko Dublinera eramango ditu ikusleak, eta Conor izeneko gazteak ikaskideekin sortuko duen bandaren istorioa kontatuko du.

https://youtu.be/C_YqJ_aimkM

  • Maya the Bee: The Honey Games

Maya erle ezagunaren lehen filmaren zuzendari Alexs Stadermannek Noel Clearyrekin batu ditu indarrak oraingoan, bigarren atala osatzeko. Ekoizpen alemaniarra otsailean estreinatzeko asmoa dute.

  • Early Man

Erresuma Batutik, ostera, Nick Park zinegileak zuzendutako stop-motion teknika darabilen animaziozko komedia helduko zaigu apirilean, eta Zineuskadiren bidez, euskaraz ikusi ahal izango dugu. Haitzulotar gizonen garaian girotutako film dibertigarria.