Luis Iriondo Etxaniz aktore eta musikaria zendu da

Hamalau filmetan hartu zuen parte, eta ETBko lehen zuzendaria izan zen 1982tik 1984ra. Horrez gain, komunikazioaren eta musikaren alorretan egin zen ezagun, Kontrapuntoak izeneko taldea sortu baitzuen, eta La Voz de España egunkariko eta Radio Popular de Loyola irratiko kolaboratzailea izan zen. Azkoitiarra larunbatean zendu zen, 86 urterekin.

Luis-Iriondo-Zinea

Administraritza ikasketak burutu zituen arren, eta urte luzez Caja Laboraleko marketing zuzendaria izan bazen ere, kulturaren munduari estuki lotuta jardun zuen beti Iriondo Etxanizek. Musika eta komunikazioa zituen pasio, eta Kontrapuntoak taldea sortu zuen. Mocedades, Manolo Escobar, Sara Montiel eta Concha Velascorentzat, besteak beste, konposatzaile lanetan ere aritu zen, eta Radio Popular de Loyola irratian eguneroko musika-saio bat gidatu zuen hainbat urtez.

Aktore gisa, ostera, Anton Merikaetxebarriaren Ikuska 3 (1979) dokumentalean, Josep Maria Forn zinegilearen Companys, procés a Catalunya (1979) drama historikoan, Eloy de la Iglesiaren El pico (1983) gertaera errealetan oinarritutako draman, Ferran Llagosterak zuzendutako La casa del pare (1983) lanean, Jose Julian Bakedanoren Oraingoz Izen Gabe (1986) baserri giroko draman, Anjel Lertxundiren Kareletik (1987) filmean, eta Javier Aguirreren La monja alférez (1987) proiektuan hartu zuen parte, besteak beste.

Horrez gain, Euskal idazleak gaur eta Dantzak liburuak ekoitzi zituen, eta zenbait bidaia-liburu idatzi.