Charleston-Kritika-Poster-01Zuzendariak: Andrei Cretulescu

Urtea: 2017

Herrialdea: Errumania

Azken bolada honetan, zinema errumaniarra zerbaitegatik ezaguna baldin bada, errealismo lakatz eta estilo zorrotzaren erabilerarengatik da. Gai soziopolitikoak gehiegikeria formalik gabe lantzen maisu bilakatu dira Cristian Mungiu, Cristi Puiu edota Constantin Popescu, Donostia Zinemaldian Sail Ofizialean aurkeztu duen Pororoca filmaren zuzendaria. Plano luze eta zuzeneko soinuaren aldeko apustua eginez, oso film gutxi aurki daitezke musikaren babespean. Baina Andrei Cretulescuk konbentzio estetiko zurrun horiek malgutu nahi izan ditu, eta Charleston (2017) bere lehen film luzean bestelako erregistro batera hurbildu nahi izan du.

Alexandruk, 42 urte bete berritan, Ioana emaztea galduko du auto istripu batean. Heriotza sinetsi ezinik dagoela, bat-batean, Sebastian izeneko gizon bat hurbilduko zaio etxera, Ioanaren maitalea dela esanez. Izaera eta nortasun ezberdineko bi gizonak elkar ulertzera behartuta egongo dira, izan ere, helburu komun bat izango dute: Ioanaren aurpegi ezkutua ezagutzea. Bi gizonek, bat eginik, Ioanaren gustuko musika entzungo dute, emakumearen gogoko filma ikustera joango dira zinemara eta neskaren gurasoekin bazkalduko dute. Tartean, besteak beste, maitasunari, zinemari eta literaturari buruzko elkarrizketak izango dituzte.

Drama sozial gordin eta ilunetatik aldenduz, komedia ukituak nabaritzen zaizkion film koloretsu bat aurkeztuko digu Cretulescuk, 60ko hamarkadako scope formatuan filmatutako pelikuletara hurbiltzen dena. Izan ere, pantailaren zabalerak ez ezik, kolore gorri, hori eta urdinen bizitasunak bat egiten dute ekoizpen malkartsu honetan. Komedia moralista batean bilakatu nahi izan du filma zuzendariak, baina ez ditu beharrezko elementuak ondo erabili. Pertsonaia neketsuekin eta haien arima hotzarekin talka egingo du etengabe entzungai den musikak. 80ko hamarkadatik indarrean izan den tradiziotik askatzeko nahi sumatzen zaio Charleston filmari, baina ez du guztiz asmatu. Oraindik ere, plano izugarri luzeek gorpuztu dute filma.

Baina arestian aipatu bezala, musikaren agerpenak baldintzatuko du filmaren pertzepzioa. Izan ere, filmaren hasiera-hasieratik presente dagoen elementua izango da, baita filma banatuta dagoen bi zatien tartean kokatzen den pasartearen protagonista ere. Bande à part (Jean-Luc Godard, 1964) filmari keinu eginez, pertsonaiak dantzan jarri ditu Cretulescuk kamera aurrean. Baina ez itzazue salto eta mugimendu  alaiak espero, ez. Pertsonaien izaera eta arimarekin bat eginik, bizitasunik gabeko datza da. Filma berea bezalaxe.