Zinebi Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian, EPE-APV Euskal Produktoreen Elkartearekin elkarlanean, Working Zinema saioaren hirugarren edizioa egin zuten atzo, azaroak 14, Bilboko Campos Eliseos Antzokian. 2016ko proiektu irabazlearen aurkezpenarekin abiatu zuten jardunaldia goizeko 10:00etan, eta arratsaldean zehar, aurtengo deialdian aukeratutako hogei proiektuak aurkeztu zituzten. Irabazlea nor den jakiteko, baina, pixka bat itxaron beharko da.
Adrián Nogales eta beste lau ikaskidek Bundo izeneko proiektua aurkeztu zuten iaz Working Zinema saioan. Bi urte lehenago, ikusle gisara joan zen EHUn Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari zen gaztea, eta deialdiak eskaintzen zituen aukerekin liluratuta, ekimenean parte hartzea ebatzi zuen. Unibertsitateko ikasgaietako batean, Vanesa Fernández irakasle eta Zinebi jaialdiaren zuzendari berriaren laguntzarekin, prestatu zituzten proiektuaren dosierra eta gainerako materialak, eta iazko Working Zinema saioan Bundo animaziozko film laburra defendatu zuten.
Hilabetera, gutxi gorabehera, jakin zuten irabazle suertatu zirela, eta ondorioz, 6.000 euroko aurrekontua eta urtebeteko epea zituztela proiektua osatzeko. Horrez gain, EPE-APVk eskainitako aholkularitza jaso zuten, eta ordutik bidaide izan dituzte egitasmoa osatzeko baliabideak eskuratzera orduan. Nogalesen hitzetan, dena den, “irabaztea baino, saiora hurbildutako aditu eta profesionalak ezagutzea izan zen garrantzitsuena, gerora haiekin jarduteko aukera izan baitugu”.
Film laburra amaitzeke dagoen arren, trailerra eta filmaren sortze-prozesua aurkeztu zituen atzoko ekitaldian, eta proiektua urte amaierarako prest izango dela aurreratu zuen.
Bizkaian errodatzeko
Nogalesen ostean, Agustin Atxa Bilbao-Bizkaia Film Commission zerbitzuko kidea eta Zuriñe Pampliega EIKEN Ikus-entzunezko eta Eduki Digitalen Clusterreko ordezkaria igo ziren eszenatokira.
Lehenak, azken hiru urteetan jasandako bilakaera eta Bilbon zein Bizkaian errodatutako proiektuen inguruko datuak aditzera eman zituen, izan ere, haiekin harremanetan jartzen diren ekoizpen etxeen beharrak (bertakoak zein atzerrikoak) erantzutera mugatzetik, tokiko lokalizazioak nazioartean eskaintzera eta interesa duten ekoizpen etxeen artean bitartekaritza-lanak egitera igaro baitira epe horretan. Iazkoan, gurean errodatutako filmen kopuruak behera egin bazuen ere, marka ezagun ugari etorri ziren iragarkiak errodatzera, eta haietako askok bertako profesionalen zerbitzuak kontratatu zituzten.
Game of Thrones telesailaren arrakastak lagunduta, pixkanaka, euskal geografia eta arkitekturak geroz eta errodaje gehiago erakartzen dituela gaineratu zuen, eta tokiko ekoizpen etxeei aitortu beharreko zergen % 30 inguru desgrabatzeko aukera ere eskaintzen dietela.
EIKEN Clusterrari dagokionez, bestetik, 129 euskal enpresa biltzen ditu egun. Horien artean 119 enpresa txiki eta ertainak dira, sei formakuntza eskaintzen duten zerbitzuak, eta lau enpresa eragileak. Orotara 5.494 langile ordezkatzen ditu, eta 776 milioi euro fakturatzen dituzte urtean. Nazioarteko azoketara joaten dira euskal industria sustatzera eta atzerriko esperientziak ezagutzera, baina nazioarteko enpresak gurera erakartzeko jarduerak ere antolatzen dituzte. Azken batean, elkarlana eta sinergiak sortzea dute helburu.
Jarraian, Drone by Drone enpresa bilbotarraren txanda heldu zen, eta eskaintzen dituzten zerbitzuak eta droneen jarduna arautzen duen legearen murrizketak aurkeztu zituzten bertako arduradunek.
Proiektuen aurkezpena
Jardunaldiarekin amaitzeko, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, aurtengo deialdian parte hartu duten proiektuak aurkeztu zituzten epaimahaiaren aurrean. Hogei izan ziren guztira, nahiz eta deialdira 33 lan bidali zituzten. Ikasleek prestatutako egitasmoen artean orotariko lanak ezagutzeko aukera izan zen, baina irabazlearen izena aste batzuk barru jakinaraziko dute.