Zinema (h)abian, zinemaren pedagogia eskoletara

Zinema (h)abian egitasmoa aurkeztu dute gaur, zinemaren pedagogia Euskadiko eskoletara hurbildu asmoz garatutako proiektua. 2005 urtean du jatorria, A Bao A Qu  kultura elkarteak sortutako Cinema en Curs ekimenean, eta Tabakalera eta Elias Querejeta Zine Eskolaren eskutik iritsiko da gurera.  Zinema eta zinemagintza euskal eskolen eremura ekarri, eta proiektua gure inguruan landu eta bultzatzeko konpromisoa hartu dute bi eragileek.

zhabian-oriarte

Proiektua sortu zenetik, 30000 haur inguruk hartu du parte. Lehen eta bigarren hezkuntzako zentro publikoetan garatzen da, eta 3 urtetatik 18 urtera arteko ikasleak hartzen ditu bere baitan. Orain arte Katalunia (23 ikastetxe), Galizia (5), Madril (3), Berlin (2), Brandenburgo (3) eta Txileko eskola batzuetara iritsi da, eta aurten Euskadi gehituko da proiektura. Lehen urte honetan, Lasarteko Oriarte institutuan garatuko da, eta DBH1eko 23 ikaslek parte hartuko dute Mikel Gurrea zinema zuzendariaren gidaritzapean.

Bi ardatz nagusiren gainean eraiki dute programa.  Alde batetik, haur eta gazteei zinema sorkuntza edo arte gisa deskubritu eta ulertzeko aukera eskaintzea. Horretarako, ikasturte osoan zehar zinema ikusi eta ariketa ezberdinak egiteko aukera emango zaie ikasleei, aldi berean ikusle eta zinemagile izateko aukera. Bide horretan laguntzeko, irakasleen formakuntza indartu eta zinema zer den eta nola egiten den tranmisioa indartzeko, ezinbestekoa ulertzen da zinemagile baten parte hartzea. Bigarren puntu nagusia zinemaren bidez pedagogia lantzea litzake. Norberaren bizipenak, ikuspuntuak.. azaltzeko bitartekari gisa ulertuta, zinema norberaren izaera eraiki, gelakideen arteko harremanak landu eta elkarlana sustatzeko tresna bilakatzea.

Tabakalera eragile izanik, eraikina bera programan parte hartuko duten ikasleen “bigarren etxea” izatea dute helburu, bertako baliabideak ere programaren esku jarriz. Tabakalerako Hezkuntza taldea ere bidelagun izango dute, eta Aitor Gametxo zinemagilea izango da guztia koordinatu eta Katalunia-Euskadiren arteko zubi-lana egingo duena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude