Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren XI. ediziorako kartel lehiaketa martxan da jada. Kartelak aurkezteko epe-muga 2018ko urtarrilaren 12a izango da, eta adin guztietako egileen lanak onartuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Euskal Herrian jaiotakoak edota erroldatuak izan beharko dutela da baldintza bakarra. “Ikusteko jaioak gara” da aurtengo kartel lehiaketaren gaia, eta zinema munduarekin zerikusia duen ideiaren bat jaso beharko du. Kartela .TIFF formatuan bidali beharko da (A3 tamaina). Irabazleari 200€ eta Euskal produktuez osatutako saskia emango zaizkio.
Euskal Herrian erreferente bilakatu den film laburren jaialdia da Huhezinema, 2008 urtean Huhezi fakultateko (Mondragon Unibertsitatea) Komunikazio Gunean sortutakoa. Gipuzkoako zenbait herritan euskara ardatz duen ikus-entzunezko sorkuntza, kultura zinematografikoa eta ekintzailetasuna sustatzeko sortua, ikasgai baten baitan jaiotakoa izatea du bereizgarri. Izan ere, Komunikazio Graduko laugarren mailako ikasleek antolatzen dute urtero.
2018ko edizioa hamargarrena izango da lehiaketarentzat, eta martxoaren 21etik 23ra antolatuko dute Huhezi fakultateko Komunikazio guneko kideek: “Hamar urtez egin dugu lan bertako talentua hauspotzeko, eta euskal zinegile gazteen ibilbidean haziak ereiten jarraitzea dugu xede”. Film laburren emanaldiak, eta beste gainontzeko ekitaldi guztiak bezala, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egingo dituzte.
Kartel lehiaketan parte hartzeko informazio eta oinarri guztiak Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren webgunean daude eskuragarri.