Gaur eman dio hasiera ZINEBI-k, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiak, bere 59.edizioari. Bilboko Arriaga Antzokiak jasoko du inaugurazio ekitaldia, 20:00etan, eta euskal zaporeko gauaz gozatzeko aukera izango du bertara gerturatzen den publikoak. Izan ere, lehiaketan parte hartuko duten euskal filmen emanaldiek eta Alberto Iglesias konpositoreari egingo dioten omenaldiak gorpuztuko dute saioa. Ohorezko Mikeldi Saria jasoko du musikagile donostiarrak.
Aurreko urteetako aukeztutakoari jarraiki, gizarte gaiak izango dira aurten ere nagusi hilaren 17ra arte luzatuko den jaialdian. Ernesto del Rio zuzendariaren hitzetan: “hori da egungo zinemaren joera orokorra, eta hori da zinemaldiak erakutsiko duena”. 98 herrialdetik etorritako 62 lanek osatuko dute Sail Ofiziala. Parte-hartzeko izena eman duten 3183 film laburren artean hautatutako lanak dira hauek, eta Urrezko zein Zilarrezko Mikeldi Sariak lortzeko lehiatuko dira. Horrez gain, bigarren urtez ekingo diote Zinebi First Film saila antolatzeari, ospe handiko beste zenbait jaialdietatik (Berlin, Venezia, Sundance…) igarotako bederatzi lanek osatuta.
Aipatu bezala, Sail Ofizialean lehiatuko diren 6 euskal ekoizpenen emanaldiak emango dio hasiera jaialdiari. Dokumentalak izango dira horietako batzuk: Koldo Almandoz zuzendariaren Plágan, Iñigo Salaberriaren Lo-ibiltariak eta Aitor Gametxoren Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia). Fikzio lanak izango dira ere: Violeta Trincado zinegile gaztearen Zacarías eta David Perez Sañudoren Aprieta, pero raramente ahoga. Azkenik, Begoña Vicarioren Areka animaziozko pieza. Ikusgai izango diren lan horiei dagokienez, euskal sortzaileen “begirada garaikidea” eta errodatzeko orduan darabilten “estilo aniztasuna” azpimarratu ditu antolakuntzak.
Irekiera ekitaldian banatuko dute lehen Ohorezko Mikeldi Saria, eta Alberto Iglesias musika konpositore donostiarrak jasoko du. Mugitzen ari diren irudiei esanahi dramatikoa indartzeko duen talentua, bere sorkuntzarako erabateko askatasuna eta bere partituren intentsitate emozionala aintzatetsi nahi izan ditu jaialdiak sari honen bitartez. Edizioko bigarrena, Marco Beloccio zuzendariak jasoko du, amaiera ekitaldian.
Jaialdiaren zein bertako sail, filma, programa, edota emango diren bestelako saioen informazio gehiago nahi baduzu, jo ZINEBI jaialdiaren atarira.